Ehiztari bakartia-Afrika kantuan


Bazen behin bakardadea  izugarri atsein zuen gizon bat. Zenbait urtez bakarrik bizi izan zen txakurrarekin baso handi batean. Ehizan jarduten zuen bolada luzeetan, eta oso gustuko zuen basoko animaliak harrapatzeko amarruak hobetzea.

Baina egun batean, ezkondu egin zen eta emaztea berarekin bizitzera joan zen, basoaren erdian zeukan txabola xumera.

Lehen urtean, biak oso zoriontsu izan ziren basoan. Bigarren urtean, emaztea haurdun geratu zen, eta bederatzi hilabete geroago, haurra erditzean, hil egin zen emaztea.

Hala, gure gizona berriz ere bere txakur zintzoarekin bakarrik geratu zen, baina oraingoan haur batez arduratu behar zuen. Egun batean, ohi bezala, gizonak haurra oheratu zuenean, ondo estali, atea itxi eta ehizara joan zen.

Gauean etxera nekatuta iritsi zenean konturatu zen atea erdi zabalik zegoela, eta izugarri kezkatu zen. Inguru hartan otso gosetiak zebiltzala jakinda, nola ahaztu ote zitzaion atea giltzaz ixtea?!

Arineketan sartu zen barrura semeari gauza ikaragarriren bat gertatu zitzaiola pentsatuta.

Behin barruan, haurra ez zegoela  ohean ikusi zuen; txakurra, berriz, lasai eta alai zegoela zirudien. Txakurrari zorrotz begiratu zion, eta haren muturrean odol-tantak ikustean, dena ulertu zuen.

Ehiztaria sutu egin zen. Fusila hartu, txakurraren burura apuntatu eta ohiu egin zuen:

-Txakur madarikatua!, otso bat bezala portatu zara, zure jatorrizko izaerara bueltatu zara. Nire semea jan duzu, eta hil egingo zaitut!

Eta bi bala sartu zizkion buruan. Txakurra garrasi bakar bat ere egin gabe hil zen.

Piztu berria zuen suaren ondoan eserita, ehiztaria negarrez ari zen, egun berean semea eta txakurra galdu zituelako. Hil aurretik semeak sentitu beharko zituen mina eta beldura zetorkion burura etengabe.

         Otsoak etxe ingurura itzuli ziren berriro ere, uluka. Une hartan bertan intziri ahul bat entzun zuen bere atzean. Soinua ohepetik zetorren.

         Begiratzeko makurtu zenean, semea ikusi zuen ohe azpian, txoko-txokoan ezkutatuta. Esnatu berria zen, gose eta egarri. Oso une zaila izan zen ehiztariarentzat. Batetik, semea bizirik ikustean oso pozik jarri zen baina, aldi berean, erabat damututa txakurraren zintzotasuna zalantzan jarri eta hau hil egin zuelako.

         Txakurra lurperatzera atera zenean, etxearen atzean otso bat ikusi zuen, hilda, eztarrian zauri bat zeukala. Txakurrak, semea ezkutatzeaz gain, otsoa hil ere egin zuen hura salbatzearren.

Lagun ona zen, zintzoa, baina ehiztaria beranduegi ohartu zen.