Igel eta Sapo - Sorpresa
Urria zen. Hostoak zuhaitzetatik erori eta lurrean sakabanatuta zeuden. —Igelen etxera joango naiz —esan zuen Zapok—. Bere belardira eroritako hosto guztiak bilduko ditut. Igelek sorpresa ederra hartuko du. Zapok eskuarea atera zuen lorategiko estalpetik. Igel leihora atera zen. —Hosto nahaspila honek dena estali du —esan zuen Igelek—. Eskuarea aterako dut. Zaporen etxera joango naiz korrika. Hosto guztiak bilduko ditut. Zapo poz-pozik jarriko da. Zapo basoan barrena joan zen korrika, Igelek ez ikusteko. Igel, berriz, belar luzeen atzetik joan zen korrika, Zapok ez ikusteko. Zapo Igelen etxera heldu zen. Leihotik begiratu zuen. —Ondo —esan zuen Zapok—. Igel kanpoan dago. Inoiz ez du jakingo nork bildu dituen bere hostoak. Igel Zaporen etxera heldu zen. Leihotik begiratu zuen. —Ondo —esan zuen Igelek—. Zapo ez dago etxean. Inoiz ez du asmatuko nork bildu dituen bere hostoak. Zapok gogor egin zuen lan. Pila batean bildu zituen hostoak. Berehala, Igelen belardia garbi geratu zen. Zapok bere eskuarea jaso eta etxera joan zen. Igelek gogotik eragin zion eskuareari. Pila batean bildu zituen hostoak. Berehala, ez zen hosto bakar bat ere geratu Zaporen lorategian. Igelek bere eskuarea jaso eta etxera joan zen. Haizea atera zuen eta ez zen baretu dena nahastu arte. Zapok Igelentzat bildutako hosto pila bazter guztietara zabaldu zen. Igelek Zaporentzat bildutako hosto pila bazter guztietara zabaldu zen. Zapo etxera heldu zenean esan zuen: —Bihar nire belardia estaltzen duten hostoak bilduko ditut. Sorpresa ederra hartuko zuen Igelek! Igel etxera heldu zenean esan zuen: —Bihar lanean jarriko naiz eta nire hosto guztiak garbituko ditut. Sorpresa ederra hartuko zuen Zapok! Gau hartan, lotara jartzeko argia itzaltzean, Zapo eta Igel, biak, hain zoriontsu sentitzen ziren...