Zatoz Newton!

ZATOZ, NEWTON!

Newtonen zurrungek sagarrondoa gogor astindu zutelarik, sagar bat adarretik askatu eta… KASK!,  buru gainera erori zitzaion.

“Eraso egin digute!”, oihukatu zuen Newtonek. Berehala, ziztuan atera zen, sagarrondoaren itzal goxoa atzean utzita… eta atzean utzi zuen Sefora ere, arkakuso bat ordura arte bere nagusiaren isatsetik oso gertu bizi zena aberaskume baten modura.

Belarrezko itsaso batean galdurik, Seforak lau haizeetara garrasi egin zuen: ZATOZ, NEWTON!

Newton, ordea, urrutiegi zegon arkakusoaren deia entzuteko. Edo, beharbada, ez entzunarena egin zuen. Azken batean, Seforak odola zurrupatu besterik ez zion egiten.

Eta, jakina, hainbeste garrasi egitearen poderioz: ZATOZ, NEWTON!,  ZATOZ, NEWTON!, : ZATOZ, NEWTON!, : ZATOZ, NEWTON!, Sefora marrantak jota geratu zen.

Eta, Newton etortzen ez, eta negarrez hasi zen.

Inurri batek arkakusoaren negarra entzun zuen. Jakin-minak jota, zer zuen galdetu zion. Seforak zehatz-mehatz azaldu zion gertaturikoa.

—Zatoz gurekin —gonbidatu zuen inurriak—. Inurritegian lan egiten baduzu, ez duzu faltako ez berotasunik, ez janaririk, ez lagunik.

—Lan egin, nik? —erantzun zuen Seforak, ahotsa kolpean berreskuraturik—. Nire hankatxoak zikindu hostoak eta haziak biltzeagatik?  Ezta pentsatu ere!

Eta, gero, garrasika hasi zen berriz: ZATOZ, NEWTON!

Jauziz jauzi, inurritegitik aldendu zen Sefora. Eta, salto non egiten zuen ohartu ez, eta zulo batera erori zen, erbi-zulo batera.

—Newton zu al zara? —galdetu zion Seforak.

—Ez, ez naiz Newton. Nolakoa da Newton? —erantzun zion erbiak, harriturik.

—Newton zoragarria da. Maite ditut haren begi beltz biziak.

—Erbinude bat?! Zure lagun Newton erbinude bat da!

Erbia ziztuan atera zen zulotik, atzean kafe-bihien zerrenda bat utzita.

Zulo haren iluntasunetik, oihu bat entzun zen kanpoaldean: ZATOZ, NEWTON!

Sefora kanpora irten zen, Newtonen bila jarraitzeko asmoz. Bere pentsamenduetan hain murgilduta zihoanez, ez zen ohartu jauziz jauzi ibai batera iristen ari zela. Ohartu zenerako, jauzika ez, igeri ari zen.

—Gulu-gulu? ( Zer ari da zu bezalako arkakuso bat hau bezalako ibai batean?) —galdetu zion amuarrain batek.

—Gulu-gulu-guluuu. (Newtonen bila nabil.)

—Guluu-guluu? (Nolakoa de Newton?)

—Gulu-gulu-gu-guluu gulu. (Mutur beltx eta biribila dauka, eta hotz luze distiratsuak.)

—Gu-gulu-gulu?! Gulu-gu-gulu-gulu! (Igaraba bat?! Zure lagun Newton igaraba bat da!)

Amuarraina di-da batean ezkutatu zen ibaiko harrien artean.

Goibel, blai eginda eta erdi itota, Seforak garrasi egin zuen: GULU-GULUU, GULUUUUU! Alegia, lurreko arkakusoen hizkuntzara itzulita: ZATON, NEWTON!

Eguzkitan lehortu ondoren, inguruko oilategi batera abiatu zen Sefora. Oilo saldotxo bat mokoka ari zen, axolagabe.

—Newton ikusi al duzue? —galdetu zien arkakusoak, goibel samar.

—Karaka-ka-ka-kasu, nolakoa da Newton?!

—Zuhurra da oso, isats luzea du, eta ile leun-leuna.

—A-a-azeri bat? Zure lagun Newton a-a-azeri bat da!

Oiloak, jauzika, oilategiko kotarik garaienera igo ziren.

ZATON, NEWTON!

Jauziz jauzi, oilategitik aldendu zen Sefora, eta jauziz jauzi iritsi zen zuhaixka batera. Han, orein bat bazkatzen ari zen.

—Ikusi al duzu Newton? —galdetu zion Seforak.

—Eta nolakoa da Newton?

—Iletsua eta kankailu samarra. Eta pittin bat akrobata ere bai. Atzeko hanken gainean zutik jartzen da!

—Hartz bat?! Zure lagun Newton hartza bat daaaaa!

Oreinak arrapaladan ihes egin zuen.

Oreinak erdi janda utzitako hosto baten gainean belauniko, azkenaldian behin eta berriz errepikatzen zituen bi hitz haiek oihukatu zituen Seforak: ZATOZ NEWTON!!

Newton?

NEWTON! Bai horixe!

Iletsua eta kankailu samarra, Newton atseden hartzen ari zen gereziondo baten itzalpean. Arkakusoa lasterka joan zen lagunarengana: NEWTON, NEWTON!, NEWTON!!…

 —Newton! Azkenean aurkitu zaitut! A ze hutsunea utzi didazun! Ez naiz zugandik sekula aldenduko! —esaten zuen arkakusoak, haren ile-baso maitean barneratuaz batera.

Behin bere tokian kokatu ondoren, Sefora gogoratu zen egun guztiko zurrunbiloan ez zuela mokadurik ere ahoratu. Eta, ez bat eta ez bi, hozka egin zion bere nagusiari, eta hura ziztuen atera zen, gereziondoaren itzala atzean utzita, eta… ZATOZ, NEWTON!