Piztiak bizi diren lekuan

Piztiak bizi diren lekuan

Gau batez otso-larrua jantzi zuen Maxek, eta hainbat gaiztakeria egin zituen. Amak esan zion: PIZTIA EZ BESTEA! Eta Maxek erantzun: JAN EGINGO ZAITUT!  Amak, noski, ohera bidali zuen afaldu gabe.

Gau hartan basoa sortu zen Maxen gelan. Eta handitu egin zen, handitu zen sabaian mahatsondoak sortzeraino, eta gelako paretak mundu bat bihurtu ziren, eta itsaso harrotuak ontzi bat ekarri zuen Maxentzat, eta uhinetan aurrera abiatu zen gau eta egun, asterik aste, ia urte betez, piztiak bizi diren lekurantz. Eta piztiak bizi diren lekura heldu zenean orro lazgarriek eta hortz karraskek agurtu zuten Maxek IXO! esan zuen arte, eta mantsotu egin zituen magia potagia eginda: bere begi horiak kliskatu gabe begiratu zien, eta izututa esan zioten bera zela piztiarik handiena eta piztien errege izendatu zuten. Eta orain!, egin zuen oihu Maxek, hasi dadila festa!

Aski da, esan zuen Maxek, eta ohera bidali zituen piztiak afaldu gabe, eta Max, piztien erregea, aspertu egin zen bakardadean; maitatuko zuten leku batean egon nahi zuen.

Orduan, munduaren bestaldetik zetorren jaki gozo baten usaina aditu zuen, eta geroztik ez zuen gehiago piztiak bizi diren lekuko errege izan nahi.

Baina piztiek oihu egiten zioten, ez zaitezela joan, mesedez!, jan egingo zaitugu. Asko maite zaitugu. Eta Maxek: ez!

Piztiek orro egin zuten lazgarri, karraska eragiten zieten haginei, zabaldu zituzten begi izugarriak eta erakutsi zituzten atzapar zorrotzak.

Baina Max ontziratu egin zen eta adio esan zien.

Eta ia urte betez ibili zen uhinetan barrena, asterik aste, gau eta egun, bere gelaraino.

Hantxe zeukan afaria! Eta oraindik beroa zegoen!