Hiru txerritxoak

https://vimeo.com/466348441

HIRU TXERRITXOAK

Egia esateko animalietan

txerria da zoratzen nauena, benetan!

Txerriak dira finak, leialak, argiak,

jatorrak, atseginak, dibertigarriak,

baina horretan ere salbuespenak daude

eta denak ez dira dohain hauen jabe.

Zer pentsa zenezake, laguntxo, bestela

inoiz basoan zehar lasai zoazela,

begiz jotzen baduzu txerritxo bat gogoz

etxe bat eraikitzen, zerez eta LASTOZ?

Otsoak ikusita esan zuen: «Hara!

Hau ez da iritsiko San Martinetara».

«Txerritxo, utzi sartzen». «Ezta hanka ere!».

«Etxea botako dut puzka, alafede!».

Txerria larri-larri hasi zen otoizka,

baina otsoak dena bota zuen puzka.

Nola gure otsoa zen gastronomoa,

uluka esan zuen: «Gora solomoa!».

Gero garbitu izuen txerri biribila

eta postre bezala buztan kiribila.

Korrok egin ondoren, jarri zen bidean

beste mokautxo baten itxaropenean

eta halabeharrak jarri zion aurrez

txerritxo bat etxea egiten ABARREZ!

«Txerritxo, utzi sartzen». «Ezta hanka ere!».

«Etxea botako dut puzka, alafede!».

Gero erantsi zuen: «Urakana dator!».

Eta putz egin zuen hustu arte gogor.

Txerritxoak kurrinka esan zion: «Lagun!

Txerri bat janda zaude. Hitz egin dezagun».

Baina otso maltzurrak ezetz eta, noski,

bigarrena jan zuen, buztan eta guzti.

Gero pentsatu zuen: «Hauxe marka hauxe!

Txerri parea janda, oraindik naiz gose!

Gainera bigarrena zen oso mardula,

berau gosea baino, ez ote da gula?».

 

Aurrera egin zuen, gurgurka sabela,

hirugarren mokaua gogoan zuela.

Behingoz asetzekotan txerri egarria,

zerbait ikusi zuen interesgarria:

beste txerri polit bat, oso airosoa,

baina ez aurrekoak bezain inozoa.

Izan ere, etxea egin zuen tentuz,

zerez eta, lagunok, osorik ADREILUZ!

«Txerritxo, utzi sartzen». «Ezta hanka ere!».

«Etxea botako dut puzka, alafede!».

«Etxe hau botatzeko —txerriak fanfarroi-

beharko lirateke hiruzpalau tifoi!».

Otsoak egin zuen hauspo betean putz,

baina ahalegin denek egin zioten huts.

«Etxea ezin badut bertan behera bota,

bertan gora beharko, dinamitaz jota!

Kartutxoak jarrita horman, bat edo bi,

birrindu egingo dut etxe sendo hori».

Txerria larritu zen, kurrin-kurrin-kurrin,

eta telefonoa hartu zuen arin.

Gero markatu zuen zero-hiru-zazpi,

Gorritarren etxeko zenbakia, noski!

«Kaixo, Txanogorritxo? Neu nauzu, Txerrito!».

«Ene, hau da sorpresa! Kaixo, aspaldiko!».

«Txano, utzi agurrak, larri nabil eta.

Ba al daukazu niri laguntzeko beta?».

«Zerk larritzen zaitu, ba?», Txanogorrik galdez.

«Otso gogaikarriak!», txerriak azkenez.

«Eta zugana jo dut, Txano potxoloa,

ezagutzen baituzu otsoen arloa».

«Urde maitagarria, Txerrito laztana,

asmatu egin duzu jota niregana.

Dutxatu berri nago, deitu duzu garaiz;

ileok lehortuta, hortxe izango naiz».

Handik ordu erdira, denerako gertu,

Txanogorri basoan egin zen agertu.

Baina otso petrala, bien bitartean,

Txanoren zain zegoen zuhaitzen artean,

begiak distiratsu, letaginak zorrotz,

lerdea zeriola mutur eta kokots.

Orduan Txanogorri ausartak kolpetik

bere pipa atera zuen gonapetik

eta tiro eginda funtsezko puntuan

otsotzarra garbitu zuen momentuan.

Txerria joan zitzaion pozik neska horri

goraipatzen zuela: «Gora Txanogorri!».

Baina, txerri gaixoa!, ez al duzu jakin

ezin dela fidatu gaur edonorekin?

Ordutik Txanogorri ez dabil biluzik;

otso larruzko janzki parea ez ezik,

osagarri bat dauka, arras luxuzkoa:

BIDAI ZORRO POLITA, TXERRI LARRUZKOA.