BARATXURI
Antzinatean, Euskal Herriko herri txiki batean, senar-emazte batzuk bizi ziren beren alaba bakarrarekin. Alabatxoa oso-oso txikia zen. Hain zen txikia, Baratxuri deitzen zioten etxean.
Txikia zen bai, baina oso neska argia eta indartsua, eta beti prest zegoen laguntzeko; hala, amari etxeko lanetan eta aitari soroan eta mendian laguntzen zien!
Behin batean, aitari sorora bazkaria eramateko agindu zion amak. Bide luzea zenez, astoa ukuilutik atera eta haren belarrian jarri zuen neskatxoa. Astoak bidea ezagutzen zuen, joan-etorria askotan egina baitzuen, eta berehala han ziren, aita lanean ari zen tokian.
—Hara! Gaur bakarrik al hator, astotxo? -galdetu zuen aitak astoa ikusitakoan.
—Ez! Ni ere hemen nator! -erantzun zuen Baratxurik astoaren belarrira agertuz.
Alabatxoa ikusteaz pozik, neska eta janari-saskia hartu zituen aitak. Aita-alabak bazkaltzen hasi ziren astoa larrean bazkatzen zen bitartean.
Bazkalondoan, aita soro-lanera itzuli zen, eta Baratxuri etxera, etorri bezala, astoaren belarrian sartuta.
Basoa gurutzatzerakoan, Baratxurik lapur batzuk sumatu zituen, egun hartan bertan lapurtutako gauzak banatzen. Honela esaten zuten:
—Hau, hiretzat; hau, hiretzat eta beste hau, niretzat!
Astoaren belarritik Baratxurik oihukatu zien:
—Eta niretzat?
Ahots hura entzutean hiru lapurrak larritu egin ziren pixka bat, baina inor ez zegoela ikusi zutenean, jarraitu egin zuten banaketarekin:
—Hau, hiretzat; hau, hiretzat eta beste hau, niretzat!
Eta Baratxurik berriro:
—Eta niretzat?
Oraingoan, lapurrak, altxatu eta lapurretaren zatia eskatzen zuen haren bila hasi ziren.
Baratxurik, astoaren belarritik, berriz ere:
—Eta niretzat?
Lapurrek basoko izpirituak zirela uste izan zuten, eta hanka egin zuten ziztu bizian, lapurtutako guztia hantxe bertan utzita.
Baratxuri astoaren belarritik jaitsi, hango gauza guztiak astoan zamatu eta etxera eraman zituen.
Hurrengo egunean, gurasoekin batera herriko merkatura joan, gertatutako guztia kontatu eta lapurtutako gauzak beren jabeei itzuli zizkieten.
Iturria: Euskal leiendak, Erein