Testua: Txinako kontaera / Irakurlea: Pako Eizagirre / Iturria: ezezaguna
Txinako gizonak hori-horiak dira, eta euren ustez horia da gizonarentzat kolorerik jatorrena. Hona nola esplikatzen duten haiek, beren ustez, gizon desberdinen jatorria.
Behin batean gizona egiteko asmotan hasi omen zen Jainkoa. Eta ontzigileak Iapikoa egiten duen bezalaxe, Jainkoak ere buztin-puska bat hartu eta gizon itxura eman omen zion poliki-poliki. Gero labean sartu omen zuen, han egosi eta gogortzeko.
Lehen aldiz ari baitzen gizonak egiten, ez omen zekien artean doi-doi zenbat denbora eduki behar zuen buztin-irudia labean. Eta aldi batean eduki ondoren, atera egin omen zuen nola ote zegoen ikusteko. Baina... luzetxo eduki nonbait eta dena kiskalduta, bel-beltz, atera omen zuen. Horrela sortu ziren gizon beltzak.
Egin omen zuen orduan beste gizairudi bat eta labean sartu omen zuen hau ere. Baina hau, aurrenekoa bezala ez kiskaltzeko, berehala atera omen zuen labetik. Artean zuri-zuri omen zegoen dena, labean behar baino laburrago egon zelako. Hortik omen datoz gizon zuriak.
Orduan esan omen zuen Jainkoak:
“Oraintxe asmatuko dut zenbat denbora eduki behar dudan labean”.
Eta beste gizairudi bat egin zuen eta labean sartu omen zuen. Baina labean edukitzerakoan, ez omen zuen beltza bezain luze eduki baina bai zuria baino gehiago. Eta atera zuenean, zer eta... hori-hori omen zegoen dena. “Ederki dago", esan omen zuen orduan Jainkoak. Eta horrela sortu omen ziren arraza horiko gizonak. Eta horien artean, txinatarrak.