Idazlea: Japoniako ipuina / Irakurlea: Pako Eizagirre / Iturria: Ezezaguna
Herri hartan oso familia txiroa bizi zen; aita alarguna eta haren semea, bakar-bakarrik. Soroko lanetan laguntzeko zaldi bat baino ez zuten.
Uztaroa iristerako, zaldiak ihes egin zuen.
Auzokoak kontsolatzera joan zitzaizkien, zaldirik gabe uzta nekez bilduko zutela oharturik.
Baina aita ez zegoen horren kezkatuta, eta hauxe esan zuen:
—Ez kezkatu, ez dago jakiterik eta.
Eta, hau da hau!, handik bi egunera, zaldia itzuli egin zen, behor eder batek lagunduta.
Orduan, auzokoak aita zoriontzera joan ziren, izandako zorteagatik.
Baina familia hartako aita ez zen pozez saltoka hasi, ezta hurrik eman ere; lehengo zuhurtasun bera agertuz hauxe baino ez zuen esan:
—Ikusiko dugu, ez dago jakiterik eta.
Eta berriro ere arrazoi zuen. Izan ere, behor heldu berria ez zegoen ohituta jende ezezagunarekin egoten, eta semea zela (*) gainean ipintzen saiatu zenean, ostikoka hasi eta beso bat hautsi zion behor honek.
Auzokoak berriz ere hurbildu ziren aita-semeen etxera beren nahigabea agertzera: nola lagunduko zion semeak aitari uzta jasotzen beso bat hautsita?
Hala eta guztiz ere, familiako buruak esan zuen:
—Ez larritu, ez dago jakiterik eta.
Oraingoan ere arrazoia. Izan ere, gerra hasi zen eta soldadu batzuk herrira heldu ziren, gerrarako adinean ziren gazte guztien bila. Gizon haren semea ez zuten eraman, besoa hautsita zuelako eta horrela ezin zelako borrokatu.
Baten bat saiatu zen familiako burua zoriontzen izan zuen zorteagaik, baina gizonak bereari eusten zion:
—Ikusiko dugu, ez dago jakiterik eta.
Eta arrazoi zuen; izan ere...