Ai Kajiyamaren aitona - Japonia

https://vimeo.com/465681244

Idazlea: Japoniako kontaera / Irakurlea: Pako Eizagirre / Iturria: ezezaguna

1883an itsasikara handi batek Japonia astindu zuen. Horren ondorioz elezahar bat sortu zen.

Elezahar horretan bi pertsonaia nagusi daude; izena ere ez dakigun aitona bat eta neskato txiki bat, Ai Kajiyama deituko duguna.

Biak bizi ziren mendiko etxola batean, urre koloreko arroz soroen artean. Handik hurbil, itsas ertzeko zerrendan herrixka zegoen. Lur landu guztiak mendiko lautada emankorrean zeuden eta Ai Kajiyamaren aitona herriko arroz soro zabalen zaindaria zen. Baina goiz batean, aitonak begiratu zuen itsasoaren mugarantz eta asaldatu zen. Etxolara bueltatu eta Ai Kajiyamaki ilinti bat eskatu zion. Ai Kajiyamak ez zuen ulertzen aitonak zertarako nahi zuen ilintia, baina berehala atera zen etxolatik ilintiarekin. Aitonak ilintia hartu zuen eta ondoko arroz sorora joan zen bizkor. Ai Kajiyama harri eta zur gelditu zen ikustean aitonak ilintia jaurti eta soroa galdatan pizten zela. Hasieran su txiki bat izan zen, baina handik lasterrera sugar gorriak zabaldu ziren, eta berehala arroz soroak sutan zeuden. Herrian, soroak sutan ikusi zituzten eta, amorratuta, mendirantz gora lasterka igo ziren herritar guztiak. Inor ez zen herrian gelditu. Gora iritsitakoan, arroz soroak kiskalita ikusirik, amorruaren amorruz galdetu zuten: «Nork egin du? Nork eman die su gure soroei?». Aitonak herritarrei lasaitasunez erantzun zien: «Nik eman diet su». Guztiek aitona eta Ai Kajiyama inguratu zituzten mehatxukor eta aitonari galdetu zioten: «Zergatik egin duzu hori?». Orduan aitonak eskua luzatu zuen zerumugarantz eta herritarrei begiratzeko esan zien. Han, itsasoaren azken mugan, lehenago itsasoaren gainazala ispilu bat bezain laua zen lekuan, zerurainoko ur murraila bat ageri zen. Olatu indartsua eta erraldoia zetorren zerumugatik. Olatu handia lehorrera iritsi zen eta herria azpiratu zuen; olatu itzelak herrixka irentsi egin zuen. Zorionez, herritar guztiak mendi gailurrean salbu zeuden aitonari esker. Halabeharrez, Ai Kajiyamak, japonieraz, Asiaren bihotza esan nahi du. Duela urtebete beste olatu handi batek erdibitu zuen Asiaren bihotza eta 226.000 lagun baino gehiago hil ziren. Non ote zegoen Ai Kajiyamaren aitona?