GAUERDIKO SUAK
Bazen duela urte asko Errumaniako oihaneko herrixka batean Mirka izeneko hamahiru urteko neska bat- Etxola aurrean eserita zegoen goiz hartan haizeak leun jotzen zuen.
Zuhaitzen adarrak dizdizka zebiltzan eguzkitan. Zerua urdin-urdin zegoen eta tarteka hodei batzuk agertzen ziren. Egun zoragarria leinuko gerlariekin ehizara joateko, baina bera neska zen eta gogo txarrez bazen ere, aita zaharrari laguntzen geratu behar, ehizatzera leinuko gizonezkoei bakarrik zegokien eginkizuna baitzen,
Bat batean, ehizara joandakoak berri beldurgarri batekin itzuli ziren herrira; beste leinu bateko gerlariak haienganantz zetozen herriaz jabetu nahian. Oso odolzaleak ziren, beraiek baino askoz gehiago eta herri guztia suntsituko zuten.
Egoeraren larritasuna zela eta, leinuko agintari zaharrenez osaturiko agintari taldea lehenbailehen elkartzeko deialdia egin zen; horietako bat Mirkaren aita zen, eta joan aurretik honela esan zion neskatoak:
—Ez dago zertaz kezkaturik, aita! Goazen guztiok mendi aldera eta ilunabarrean muino bakoitzaren gainean suak piztuko ditugu. Gauerdian, gerlari bizkorrenek su horien gainetik salto egingo dute oihuka, eta egunsentia baino lehenago etsaiek alde egingo dute herritik.
Agintari taldeak onartu zuen Mirkak aitari egindako proposamena, eta dena neskak esanda bezala gertatu zen. Etsaiek herritar asko zirela sinetsi eta lasterka bizian egin zuten ihes.
Hurrengo egunean herritar guztiek eskertu zioten Mirkari agertutako adorea eta izan zuen burutapena, eta agintari taldeak, bere omenez, neskei ehizan ibiltzea galarazten zien lege zaharra baliorik gabe utzi zuten.