Esker txarra - Dahomey

https://vimeo.com/462660089

ESKER TXARRA  (Dahomey)

Tro antilopea eta Kozo zuhaitza adiskide minak ziren. Hona hemen nola adiskidetu ziren.

Tro antilopeak sarritan iheska ibili behar izaten zuen, suge eta ehiztariengandik babesteko. Bere gorputz handia eta bere adar luzeak zirela eta, oso zaila gertatzen zitzaion babesleku egokia aurkitzea, eta sugeek eta ehiztariek erraz ikusten zuten.

Egun batean, halako ihesaldi luze baten ondoren, zuhaitz baten orrien artean ezkutatu zen. Atseden pixka bat hartu zuenean, zuhaitzarekin hizketan hasi zen, eta bere penak kontatu zizkion.

—Anaia -esan zion Kozo zuhaitzak-, nik erakutsiko dizut nola babestu zure etsaiengandik. Arriskuan zaudenean, hona etorri eta nire adarren artean ezkutatu. Ia lurreraino iristen dira eta orri handiak dauzkate. Hemen barruan lasai egon ahalko zara.

Trok eskerrak eman zizkion zuhaitzari eta handik aurrera larrialdiren batean zegoen guztietan, haren adarren azpian babesten zen. Han sartuta, ez gizonek, ez basapiztiek ezin zuten

ikusi eta oso seguru sentitzen zen.

Bere adiskidearen azpian atsedena hartzen ari zen egun batean, ordea, Trok gosea sentitu zuen eta jatekoa bilatzeko gogorik ez zuenez, bere adiskidearen orriak jaten hasi zen.

—Zer egiten duzu baina, esker txarreko lagun horrek? Nik babesa ematen dizut eta zuk honela erantzuten al didazu?

Trok ez zion kasurik egin eta orriak jaten jarraitu zuen. Eta horrela egin zuen ondoko egunetan ere. Egun gutxitan berak harrapatzeko moduan zeuden orri guzti-guztiak jan zituen.

Handik egun batzuetara ehiztari bat handik igaro zen eta zuhaitzaren azpian lo zegoen antilopea ikusi zuen, orririk gabe zuhaitzak ezin baitzuen bere adiskidea ezkutatu. Ehiztariak eskopeta atera eta tiro bat jo zion antilopeari.

Tro antilopeak bere bizitzaz ordaindu zuen adiskidearekin izandako esker txarra. Ipuin honek babesa ematen diguten zuhaitzak zaindu egin behar direla erakusten digu.