INOR HILTZEN EZ ZEN HERRIA (Italia)
Herri hartan ez omen zen inor hiltzen. Larrua zimurtzen hasi eta sorbaldak eta bizkarra konkortzen zitzaizkienean, herritarrak iturri berezi batera joaten ziren.
Larru zimurtua bertan uzten zuten eta herrira gazte eta tente itzultzen ziren. Sugeek egiten duten larru aldaketaren antzeko zerbait zen hura.
Behin batean, bere umea kulunkatzen zuen bitartean, ama batek dardara berezia sumatu zuen besoetan. Orduan honela esan zion haurrari:
—Itxaron lasai, semetxo, laster itzuliko naiz eta.
Etxetik irten eta iturrira abiatu zen. Iritsi bezain laster, hango ur garden eta freskoetan murgildu zen. Ur haietan bere larru zaharra
utzi eta gazte eta dotore itzuli zen haurrarengana. Hala ere ama ikusteaz batera, haurra negarrez hasi zen.
ere, bere ama ikuste
—Amatxorekin egon nahi dut! Amatxorekin egon nahi dut!
—Baina ez al nauzu ezagutzen, bihotza? Amatxo naiz. Begira,
orain nire besoak indartsuak dira zu hobeto kulunkatzeko; nire begiak argi daude zuri maitasunez begiratzeko; eta nire ezpainak gazteak dira zu musukatzeko.
Baina haurrak negar bizian jarraitzen zuen.
—Ez dut nahi... Zu ez zara nire ama... Nik amatxorekin egon nahi dut!
Amaren ahalegin guztiak alferrekoak izan ziren. Haurrak behin eta berriz ukatu zuen andre hura bere ama zenik. Ama orduan iturrira joan zen eta han utzitako larru zaharra jantzi ondoren, etxera itzuli zen. Atea ireki bezain laster, haurtxoa bere ama besarkatzen eta musukatzen hasi zen. Eta honela esan zion:
—Ba al dakizu zer gertatu den, amatxo? Lehentxeago emakume bat etorri da eta nire ama zela esan dit. Musu eman nahi zidan, baina nik ez diot utzi, oso itsusia zelako. Ez zaitez inoiz nire ondotik joan, amatxo! Zu bai zarela polita!
Eta zaharra izan arren, ama ez zen beste inoiz iturrira itzuli, poz-pozik bizi zelako bere haurtxoarekin.