Lizzouli - Mexiko

https://vimeo.com/462659656

LIZZOULI   (Mexiko)

Anáhuac haraneko baso baten erdian Mexi izeneko aintzira txikia dago. Zuhaitz handiz inguratuta dago eta bere urak ilunak eta geldiak dira, zuhaitzetako adarrak ur azalean islatzen direlako eta, era berean, haizetik babesten dutelako. Aintzira honen ertzetan lore zuri handi batzuk hazten dira. Lore hauek kondaira eder bat dute: Lizzouliren kondaira.

Gau batean begi handi eta ile beltzeko neska azteca bat aintzirara joan zen. Zertara ote doa aintzirara halako orduan? Bere burua ur azalean ikustera? Agian eskaintza bat egin nahi dio Uren Jainkoari.

Neska hori Lizzouli da. Ilargiari begira dago. Aztecek Metzi deitzen diote llargiari eta maiteminduen jainkosa dela sinesten dute.

Lizzouli negarrez ari da. Aintzirara hurbiltzen da eta oinak uretan sartzen ditu. Barrurago sartzen da, poliki-poliki, presarik gabe; lehenengo belaunak sartzen ditu, gero besoak, sorbaldak eta azkenean bere begi handiak eta ile beltza ere eta lepoa eta azkenean uren azpian desagertzen dira.

Neskaren gorputz hila aintziraren hondora doa. Hor Tlaloc Uren Jainkoa, bizi d, Lizzouliren edertasuna ikustean, berpiztu. egiten du eta aintziraren azpiko kobazulora darama. Han neskak bere amodiozko istorio tristea kontatzen dio eta Tlaloc Jainkoak, Lizzouliz errukiturik, itsasneska bihurtzen du eta aintzirara igotzen du, amodiozko penak ahazteko.

Harez gero, ilargia goi-goian zegoen egunetan, aintziran itsasneska baten kantu zoragarria entzuten omen zen. Kantu hura entzunez, arrantzaleak itsasneskaz maitemintzen ziren eta igerian hasten ziren haren bila. Baina ez zuten harrapatzen eta azkenean ito egiten ziren.

Halako gau batean, ordea, Lizzoulik bere maitea aintzirako uretan sartzen ikusi zuen. Mutil hura ikustean, Lizzouli bere senera itzuli zen eta emakume bihurtu zen. Mutila itotzeko zorian zegoen. Lizzoulik orduan besoak luzatu zituen eta elkar besarkatuz hondoratu ziren.

Biharamun goizean arrantzaleek ur bazterrean neska baten eta mutil baten gorputzak aurkitu zituzten, elkar besarkaturik. Biak irribarrea zuten ezpainetan eta lotan zeudela zirudien.

Harez gero, ilargirik gabeko gauetan aintzira inguruko basoan zehar bi itzal ibiltzen omen dira elkarrekin paseatzen.

Eta udaberria heltzen denean, lurralde hartako neska gazteak aintzirara joaten dira eta ur bazterreko lore zuriak hartzen dituzte. Lizzouliren loreak omen dira. Eta ilean ipintzen dituzte, beren maitea, Lizzoulirena bezala, leiala izango zaien esperantzaz.