Galtzaileak

"https://cloud.tokimedia.eus/public/audio/39458/embed"

GALTZAILEAK

Urtea, 1895garrena. Estropadak, Donostian. Estropadak, fundamentuz, antolatzen zirela, 16 urte, besterik ez. Urte hartan, zumaiarrak esperantza handiarekin joanak. Bazuten motiborik. Inguruko koadriletan, indartsuenetakoa zen zumaiarrena.

Han agertuko ziren, irteera puntuan bost trinau, txanda bakar batean bandera eta premioaren bila. Getariatik bat, Oriotik bi, Pasaiatik bat, eta bosgarrena…  zumaiarrena. Patroia, Iraundegi. Zumaiarrak gorriz jantzita (gaur egun bezala). Huraxe izan zen, lehen aldiz, gorriz janzten zirena, arro-arro. Beste lau koadrila, zuriz jantzita, ohitura zen bezala.

“Jauna lagun dakigula”, esango zuen patroiak, eta, hori entzuteaz bat,  denek ere “Aitaren” egingo zuten. Ondotik, horra hor non jartzen dituzten orekan, arraun guztiak. Denak jarriko dira agindu baten esperoan. Isiltasuna nagusi. Bihotz taupadak besterik ez da entzungo. Halako batean, patroiak garrasi batean: “JOOOOO!!!” Eta…han ziaztik eta baziaztik bost trinauak. Hasieran, aitzurrean. Segidan, gero eta luzeagoak, paladak. Oraintxe, horra hor non hartzen duten bere arraunketa, luze, garbi eta sendoa, zilarrezko azaburu ereinez, bi ilaretan. Gureak eder begira ari dira arraun eta arraun. Besteak baino ere eder begirako.

Hala, balizan aurretik sartu ziren gureak, alde handiarekin. Garai hartako egunkariek ere jaso zuten bezala. Baina, atera, zer da eta… azkenak! Alde handiarekin. Garai hartako egunkariek ere jaso zuten bezala. Zumaiarrei baliza zuria egokitu, patroiak kataratak izan, ikusi ez bandera zuririk, eta jota pasa baliza, erabat. Hankekoa konturatu: “Baina, han atzean laga degu-ta, baliza!”.

Helmugarantz datozela, garai hartako egunkari batek “Los de Zumaia con el natural cansancio venian los ultimos”. Hala ere ez ziren azkenak sartuko. Azken txanpan, bat laga zuten atzetik. Orioko trinauetako bat. Orioko trinau hartako patroiak irabaziko zuen Donostiako bandera, handik gutxira. Orioko beste trinauko patroiak lortuko zuen fama eternua bertso paperetan, handik sei urtera, balea harrapatuta.

Irabazleak: getariarrak, Katxapeo zumaiarra hanketik zela. Katxapeo, getariarrekin ibiltzen zen itsasoan arrainetan, eta itsasoko koadrilarekin atera zen estropadan. Izan ere, garai hartan gehiago zen itsasoko koadrila, eta ez herriko selekzioa (nolabait esatearren). Bigarren: pasaitarrak; eta, zumaiarrak azken bigarren bi oriotarren tartean.

Bazkaldu dute, arrantzaleen auzoan. Kanta ederrak, bazkalondoan, umore onean. Sartzen dituzte, txopan, Zumaiatik joandako mutil koxkorrak, eta…  Zumaiara arraunean, lasai ederrean. Bide osoan ez diote utziko kantuari. Estreineko kantua zumaiarrena, alegia, egunero arrainetara arraunean joatean hutsik gabe kantatu ohi zutena. Kanta haren segidan, era guztietako errepertorioa. Batik bat, Napolitanak. Beti ere goian  bukaturik. Pavarotik baino gorago, zumaiarrari gustatzen zaion bezala.

Iritsi dira arranplara, ilargitan, eta… han inor ere ageri ez. Ordurako herrian zabalduta omen zen, azkenak izan zirela gureak. Ez zen hala izan. Baina, gezurrak beti egin ohi du hegan.

Erabat lur jota zeudela, zer da eta, hemen non datorkigun, ilunpetik irtenda, herritar bat pontxearekin. (Txamel ote zen?) “Hartu moteilak, merezi dezute-eta!”

Eta hala goxatuko zituen lur jotako mutilak (agian igual esan beharko genuke “itsasoak jotako mutilak”).

Hurrengo egunetan, eta urtetan, han irtengo zuten arraunean egunero, egunekoa kentzeko itsasoari.

Eta haietako batzuk, itsasoan, galduko ziren. Itsasoak ere egunero bizitza bat kentzen baitu, ordainetan.

Baina, nik, orain, jakin nahi nuke, koadrila hura noiz sentitu zen galtzaileago: estropada bukatuta gero… ala arranplara etorrita, inor ere agertu ez zitzaien une hartan.

Eta jakin nahi nuke pontxe hark zertaraino goxatu zituen mutilak. Bandera ahaztuta lagatzeraino, baietz!

Iturria: Erramun Eizagirre Eizagirre.

Testua: Jexux Eizagirre Portillo.

Ahotsa: Pako Eizagirre Irure.

Zumaiarren kantaren iturria: Manuel Beobide

Zumaiarren kantuan abesbatzaren zuzendaria: Fernando Larruquert

Biltzailea: Resurrecion Maria Azkue

Dibulgatzailea: Juanito Dorronsoro