Adiskide kuxkuxeroa - Sudan

https://vimeo.com/462660275

ADISKIDE KUXKUXEROA  (Sudan)

Orain dela urte mordoa Malenbileko herri batean Ousmian izeneko gazte bat bizi zen. Oso pobrea zen eta herritik alde egin behar izan zuen zorte hobearen bila. Bere  herritik urrun, sendo lan egin zuen eta urte batzuen buruan emaztea eta esklaboa erosteko dirua batu zuen.

Urruneko lurralde haietan Ousmianek bere herriko adiskide hitzontzi eta tripontzi bat aurkitu zuen. Adiskide hark Denba zuen izena.

Bere herrira itzuli zenean, Ousmianek etxe eroso bat eraiki zuen eta zoriontsu bizi zen bere emaztea eta esklaboarekin. Denba bere adiskidea ere sarritan gonbidatzen zuen bere etxean bazkaltzera.

Denba, hitzontzia eta tripontzia izateaz gainera, kuxkuxero handia ere bazen eta Ousmianen emaztea esklaboarekin konpontzen zela antzeman zuen. Denbak dena kontatu zion bere adiskideari, baina honek ez zion jaramonik egin. Orduan Denbak indarrez eraman zuen txabolaren bazter batera eta amodiozko eszena bat ikustera behartu zuen.

Ousmian oso triste geratu zen, noski. Handik egun batzuetara Ousmianek Denba bere emazteak prestatutako arto gozoa jatera gonbidatu zuen. Baina jatekoa emazteak prestatu beharrean, berak prestatu zuen, artoa eta simaurra nahastuz.

—Zeinen gozoa dagoen gaur artoa! Nola prestatu duzue? -esan zuen Denbak.

—Simaurrarekin nahastu dut -erantzun zion Ousmianek.

Denba harrituta geratu zen, baina gero txantxa bat besterik ez zela pentsatu zuen. Hala ere, Ousmianek adiskidea sukaldera eraman eta simaurra erakutsi zion. Denbak ezin izan zion goragaleari eutsi eta jandako guztia bota zuen.

—Zergatik tratatzen nauzu honela? -galdetu zion adiskideari, pixka bat lasaitu zenean.

—Gogoratzen bazara -hasi zen esaten Ousmian-, nik ere ez nuen neure emaztearena jakin nahi eta zuk, hala ere, indarrez eraman ninduzun eszena lotsagarri hura ikustera. Orain kittoan gaude!