Kar Kardantxilo

KAR KARDANTXILO

Nire auzoko batek terraza bat dauka. Terraza bat ikaragarri handia… eta hutsa. Terraza horretan ez dago loreontzirik, ez lorerik, ez mahairik, ez aulkirik, ezta eguzkitakorik ere.

Paretak biluzik daude; kaiola zahar bat dute iltze erdoildu batetik zintzilik, besterik ez.  Eta kaiola ere hutsik dago.

Hobeto esan, hutsik zegoen.

         Zeren eta pasa den astean nire auzokideak txori txiki bat kaiolatu zuen bertan; moko zorrotz, aurpegi gorri eta hegal hori-beltzekoa.

         Berehalaxe alpiste-ale batzuk askatxoan bota, eta ozen esan zion kaiolatuari:

  • Jan-jan ezak, Kar Kardantxilo!

Ondoren, kaiolako edalontzia urez bete eta,jeneralak

bezala agindu zion:

  • E-edan ezak, Kar Kardantxilo!

Azkenik, makila bat hartu eta, orkestra zuzendariaren moduan, adierazi zion:

—Ka-kanta ezak, Kar Kardantxilo!

         Horrelakoa da nire auzokoa: agintzailea, hotza eta hitz gutxiko (behar bada totela delako).

         Dena dela, txoria ez zen kikildu eta ez zion nire auzoko ozpinduari inongo jaramonik egin: ez zuen jan, ez edan, ezta kantu egin ere.

         Agindutakoa bete beharrean, mingaina atera eta bizkarra eman zion nire auzoko atsekabetuari.

         Nire auzokoa gizon agintzailea, hotza, hitz gutxikoa… eta burugogorra da, BURUGOGORRENA. Lana utzi du Kar Kardantxiloren trebakuntzan aritzeko! Denbora guztia txoria entrenatzen bakarrik ematen du. Eta etxeko patioan, gau eta egun, lelo hau entzun behar izaten dugu:

         —Ja-jan ezak, Kar Kardantxilo! E-edan ezak, Kar Kardantxilo! Ka-kanta ezak, Kar Kardantxilo!!

         Eta Kar Kardantxilok, sekula ere kikiltzen ez denak, agindutakoa bete beharren…

Orain dela egun gutxi nire auzokoari irribarre bat sumatu nion (lehen aldia zen irribarretsu ikusten nuela!) Pozik zegoen txoriaren trebakuntza aurrera eta onera zihoalako. Kar Kardantxilok barra-barra jaten eta edaten zuen. Eta ez hori bakarrik: kirola ere egiten zuen,

         Eta, nahiz eta bere jabeari bizkarra emanda egon, atsedenaldirik hartu gabe abesten zuen!

         Baina ez zuen nota bakar bat ere ongi intonatzen.

         Oso antzekoak ziren Kar Kardantxiloren  ahotsa eta metala zerratzeko zerraren hotsa.

         “Hobera egingo du, ziur nago, noizbait hobera egingo du” baikor zegoen nire auzokoa.

         Hala ere, denborak aurrera jotzen zuen eta Kar Kardantxiloren ahotsak ez zuen hobera egiten. Nire auzokoa kezkatuta zegoen. Terrazako izkina batetik bestera zebilen, kasko soilduan hatz egiten, ideiak piztu nahian, pentsa eta pentsa.

         Egunez pasieran bazebilen, ez zuen inor molestatzen. Baina gauez egiten bazuen, terrazako bonbila piztuta, oinak arrastaka eta ilargiari bere minak azalduz…

         Hereneguneko egunsentian, hirugarren solairuko auzokoak, oso jenio bizian, galdetu behar izan zion:

         —Zer dela eta ulu horiek?

         —Nire txoriak oso gaizki abesten du! —erantzun zion negar zotinka.

         —Ongi dakit, baina horrek konponbide erraza dauka. Entzun: bakarrik sentitzen direnean, txori guztiek oso gaizki abesten dute. Lor iezaiozu lagun bat eta Sinatrak berak baino hobeto egingo du —horrelako aholkua eman zion hirugarrenekoak—. Eta orain, itzali argia, astun horrek, lo egin behar dugu eta!

         Irri txiki bat agertu zen nire auzokoaren aurpegian. Bazekien nola konpondu Kar Kardantxiloren intonazio penagarria. Pasieran ibiltzeri utzi, terrazako bonbilla itzali eta deskantsatzera joan zen.

         Biharamunean, Kar Kardantxilok bisita atsegin bat hartu zuen: moko zorrotz, aurpegi gorri eta hegal hori-beltzeko txori eme txiki baten bisita, hain zuzen.

Derrigorrezko aurkezpenak egin gabe, nire auzokoak askatxora alpiste-ale gehixeago bota, eta ozen esan zion kaiolatu berriari:

         —Ja-jan ezan, Kar-Kardantxilo e-eme!

         Ondoren, kaiolako edalontzia urez bete eta, jeneralak bezala, agindu zion:

         —E-edan ezan, Kar Kardantxilo e-eme!

Azkenik, makila bat hartu eta, orkestra-zuzendariaren moduan, adierazi zion:

         —Ka-kanta ezan, Kar Kardantxilo e-eme!

         Eta orduko hartan ustekabe polita hartu zuen nire auzokoak: Kar Kardantxilo emeak jan, edan eta abestu egin zuen! (Jabeari bizkarra emanda, jakina!)

         Kar Kardantxiloek dueto bat osatu zuten.

Eta dueto hura baino…

         … abeslari txarragorik ez zegoen.

         Kanta haiek (haiek kantak baldin baziren) metala zerratzeko bi kirteneko zerraren hotsa bezalakoak ziren. Eta bi kirteneko zerra hura noiznahi trebatu eta berehala abian jartzen zen berriro ere.

         Noizbait bi kirteneko zerra isildu zen… betiko.

         Eta Kar Kardantxiloen abesti itsusia eder bilakatu zen… nire

auzokoaren terrazatik urrun, oso urrun.