Sorgina kirris karras

SORGINA KIRRIS KARRAS

Baziren  behin hiru anaia, eta saltoka ematen zuten eguna alde batetik bestera.

Amak halaxe esaten zien beti:

-Ez joan basora inola ere! Han erdian sorgin bat bizi da. Burdinazko hortzak ditu eta jan egiten ditu haurrak; eta hezurrekin, etxea inguratzen duen horma egiten du.

Egun batez, hauxe esan zuen zaharrenak:

            -Goazen basora! Ni ez naiz sorginen beldur!

            -Ni ere ez! –esan zuen erdikoak.

Baina gazteenak, beldurtuta baitzegoen, abisua eman zien:

            -Ez joateko esan zuen amak…

-Ez izan kakatia –iseka egin zion zaharrenak.

Eta han joan ziren hirurak.

Ibilian-ibilian, baso haren barrenera egin zuten. Handi-handia zen, iluna, arraroa.

Haizea txistuka zebilen zuhaitz adarren artean eta itzalak luzatzen ari ziren gero eta gehiago. Beldurra sentitzen hasi ziren hirurak, baina inork ez zekien etxera nola itzuli.

Orduan, hala esan zuen gazteenak:

-Zuhaitz batera igoko naiz, ea bidearen arrastorik ikusten dudan.

Zuhaitzaren gainaldetik, etxe bateko argia ikusi zuen han urrutian.

Azkar batean jaitsi eta zera esan zien anaiei:

            -Horrek izan behar du sorginaren etxea.

-Bai zera –esan zuen zaharrenak-, oraindik asko gelditzen da basoaren erdira iristeko. Goazen!

Etxera hurbildu zirenean, emakume bat agertu zitzaien atean:

            -Zatozte, zatozte, gaixoak! Ez izan beldurrik…

Janari usainak gosetu egin zituen.

            -Ni sartu egingo naiz –esan zuen zaharrenak.

            -Ni ere bai –esan zuen erdikoak.

Bi zaharrenek aurrera egin zuten, ezeren kezkarik gabe; baina gazteenak susmo txarra hartu zion etxe hari.

            -Hau usain gozoa! –atera zitzaion erdikoari.

            -Hemen pasatuko duzue gaua –esan zuen atsoak-. Bihar etxera eramango zaituztet.

Gazteena, bien bitartean, kutxa nbaten ngainean zegoen kaiola batera hurbildu zen:

            -Zertarako da hori?

Atsoak, itxura eginez bezala, hala erantzun zion:

            -Noraezean dabiltzan txakurrak sartzeko, katu abandonatuak…

Eta, agian, bidean galdu diren haurrak, pentsatu zuen gazteenak.

Afaltzen bukatu zutenean, logela batean etzan ziren  hirurak.

Zaharrenak berehala hartu zuen lo. Erdikoak denbora gehixeago behar izan zuen. Gazteena batera eta bestera zebilen jiraka, baina ezin begirik itxi.

Orduan ilargia ikusi zuen, eta ilargiak basoa argitzen zuen, baratzea… eta hezurrez egindako horma!

Zangoen hezurrak, besoen hezurrak, haur txikien hezurrak.

Bat-batean, norbait hurbilrtzen ari zela sumatu zuen. Sorgina zen!

Anaietan gazteena berehala sartu zen ohean eta tapatu egin zen.

Sorgina mantso-mantso sartu zen eta galdera egin zuen ahapeka:

            -Inor ba al da esna?

Ez zen ausartu txintik ere esatera, baina sorgina gero eta hurbilago zegoen; eta eskua luzatu zuenean maindireak harrotzeko…

…anaia gazteenak sudurra atera zuen:

            -Ni esna nago!

            -Eta nolatan ez duzu lo hartu?

-Zera ba… lotara joan aurretik, amak arrautza frijitu bat ematen dit beti:

Atsoa, oinak arrastan zeramatzala, purrustaka irten zen:

-Arrautza frijitu bat! Ekarriko dizut ogi mutur bat ere, txist egin dezazun…

Arrautza jan eta lotara joan zen mutikoa, baina… ezin lo hartu!

Handik pixka batera, berriz ere galdezka hasi zen sorgina:

            -Inor ba al da esna?

            -Ni… Zera, gauetan, piku lehorrak ere ematen dizkit amak.

Atsoa, marmarka, pikuen bila joan zen.

Anaia gazteena dardarka ari zen beldurrez. Eta berriz agertu zen sorgina:

            -Inor ba al da esna?

            -Ni…

            -Baina zer demontre gertatzen zaizu orain?

-Zera, amak beti ekartzen dit… ura putzutik iragarki batean. Eta, edan ondoren, berehala lo hartzen dut.

Atsoa, purrust eta marmar, etorritako bidetik joan zen…

Iragazkia hartzeko makurtu zenean, xaboi pastilla bat erori zitzaion:

-Nire objektu magikoak! –esan zuen- Hobe izango dut gordetzea.

Hantxe utzi zuen xaboia, orrazi  bat eta labana bat, eta ur bila joan zen.

Atsoa etxetik atera zela sumatu orduko, gazteenak oihuka dei egin zien bi anaiei:

            -Esna zaitezte! Hau sorginaren etxea da!

Bi anaiek begiak zabaldu zituzten, izututa. Baina lasterka atera baino lehen,  zera ezan zuen gazteenak:

-Sorginak objektu magiko batzuk utzi ditu sukaldean. Haien bila noa!

Atsoak putzuan jarraitzen zuen, iragazkia bete nahian. Ikusi zuenean mutikoak ihesi zihoazela ilargiaren argitan, lasterka hasi zen haien atzetik, hortzekin kirris-karras egiten zuela.

Sorgina gero eta hurbilago zegoen hiru anaiengandik. Orduan hala esan zuen gazteenak:

-Xaboia botako diot! Nahiago nuke zapaldu eta hankaz gora eroriko balitz!

Sorginaren aurre-aurrean erori zen xaboia… eta aparrezko mendi bat sortu zen.

Begiak erre egin zizkion sorginari, eta, ahoti aparra jaurtitzen zuela, deiadar egin zuen:

            -Ikusiko duzue harrapatzen zaituztedanean…!

Sorgina azkar hurbildu zitzaien berriz ere. OPrduan, gazteenak orrazia jaurti zion:

            -Nahiago nuke buruan iltzatuko balitzaio!

Orrazia lurrean sartuta gelditu zen… eta zuhaitz lerro sarri-sarri bat sortu zuen.

Sorgina aurrera egin zuen zuhaitzak burdinazko hortzekin zerratzen zituela, deiadar batean:

            - Ikusiko duzue harrapatzen zaituztedanean…!

Sorgina gain-gainean zeukatenean, gelditzen zitzaion gauza bakarra jaurti zion gazteenak: labana.

            -Nahiago nuke zango bat moztuko balio –esan zuen.

Sorginaren aurre-aurrean erori zen labana… eta arrakala luze eta sakona ireki zuen, jauzi batean gainditu ezinekoa.

Haurrek lasterka jarraitu zuten basotik irten arte.

Eta sorgina, burumakur eta oinak arrastan, etxera joan zen, azken eguna iritsi zitzaion arte.