Ispilutxo

ISPILUTXO

Mutilek deitu didate “nexka” eta ni sentitu naiz baztertua, eta sentitu triste, oso triste, asto tristea baino tristeago, zeren ni ez bainaiz “nexka”.  Nola izango naiz ni “nexka”?

Eta joan naiz errekara negar malkoak isurtzera.

Eta honelaxe, negarrez ari naizela, ikusi dut islatua nire burua errekan, ispilu batean bezala, eta galdetu dut:

-Ispilu-ispilutxo, ni “nexka” al naiz?

Errekaren ispiluan garbi ikusi dut ezetz, ni ez naizela “nexka”, baizik “inutila”, horrela ere deitzen didatelako mutilek. Eta geratu naiz isilik, geratu naiz ez dakidala zer esan.

Honelako batean, erori da hosto bat errekaren ispilura, eta uhinak ikusi ditut islatuak, eta haizearen marmarra entzun dut, eta galdetu dut ea “inutila” naizen.

-Ni “inutila”?

Eta egin naiz nazkatu. Eta nola nazkatu naizen, ostiko bat emanda, hautsi dut errekaren ispilua, zapla! Jo eta hautsi.

Eta korrika-korrika joan naiz etxera. Nire gelan sartu eta geratu naiz armairuko ispiluaren aurrean. Eta honelaxe, armairuko ispiluaren aurrean nagoela, urdindu dut ilea, eta jantzi soineko luzea, eta margotu ezpainak, eta eman begiei errimela, amak bezala, armairutik arropak aterata.

Eta galdetu dut:

-Ispilu, ispilutxo, ni zer naiz, neska ala mutila?

Nire gelako ispiluan garbi ikusi dut ni ez naizela neska, baizik mutila: Ka, e, uve, i eta ene: Kevin. Entzuten? Eta oraintxe ikusiko duzu zer den ona. Ni naiz mutila, eta ez “inutila”.

Eta erabaki dut janztea nire aitak bezala: trajea, bibotea eta gorbata, guztiz perfektua; baita maleta, sonbreirua, esku larruak eta zapata mokasinak ere.

Dena den, esan behar dut horrelako arropekin sentitu naizela perfektuegia.

Honengatik, azkenean, nire gelako ispiluaren aurrean, erabaki dut Aimar bezala izatea: mutil trebea, mutil azkarra, mutil goleatzailea. Bai horixe!

Eta gehiago pentsatu gabe, jantzi ditut futbol kamiseta, galtzerdi luzeak, bota takoidunak, praka motzak… eta joan naiz korrika mutilengana, futbolean jolastera.

Zoritxarrez, ez dut denbora gehiegi izan futbolean jolasteko, zeren, berehala, jolasten hasi orduko, Aimarrek ostiko bat eman baitio Martari: izugarrizko kolpea.

Eta lurrera bota du. A zer kolpea!

Hainbesterainokoa ezen mutil denek ihes egin baitute Aimarrekin batera. Koldar halakoak!

Ni, berriz, geratu naiz Martaren ondoan. Kolpe handia dauka Martak bekokian eta negarrez ari da. Nik, honengatik, nire eskuak paratu ditut Martaren bekokian. Kolpea handia dauka Martak bekokian eta belaunetatik odola dario. Zenbat odol! Eta eraman behar izan dut errekara  zauriak garbitzera.

Errekatik hartu ur freskoa eta belaun koskorrak garbitu dizkiot; baita bekokia ere. Adierazi diot nola Aimar den mutil “desastrea” eta, gainera, “inutila”, eta…

-Asto handia –gaineratu dit Martak, hipaka, negarrez.

Eta nik baietz.

-Asto handia da Aimar, bai, asto koskor galanta! Horixe, asto putza!

Eta Martak negarrez jarraitu duenez, bizkarretik helduta, esan diot errekaren ispiluari begira:

-Marta, orain ikusiko duzu, orain errekak eramango dizkizu negar malkoak eta hobeto sentituko zara.

Eta honelaxe gertatu da, zeren negar malkoak eraman baitizkio Martari errekak…  eta ondo sentitu da, irribarrez.

Ni ere bai. Sentitu dut Martaren begiak direla ispiluak, eta bertan islatzen naizela ni, Kevin, naizen bezalakoa, eta ondo nagoela, oso ondo.

Honengatik esan diot Martari, begietara begira:

-Aizu, ispilutxo, badakizu zurekin ondo nagoela hemen!

-Ni ere bai, Kevin –erantzun dit Martak-, ni ere bai zurekin!

Eta besterik gabe, musu eman diot Martari, zapla! Martak ere bai niri. A zer muxua! Eta barre egin dugu elkarrekin, asto handiek baino indartsuago, gu ez garelako “inutilak”, baizik lagun handi-handiak.