Ez da erraza katagorri
Katagorri txikia triste zegoen. Ama hil berria zuen, eta pena handia zeukan. Ez zuen uste berriz zoriontsua izango zenik inoiz.
Aitak maitekiro xukatu zizkion malkoak kontsolatu nahian. Ama beti egongo da gure artean.
Eta bularrean jo zuen eskuarekin. Hemen. Katagorri txikiak ez zuen ulertu. Ama falta zuela besterik ez zuen ikusten.
Gau batean haserretu egin zen amarekin, bakarrik utzia zuelako. Haserrearen haserrez, jostailuak apurtu zituen. Lasaitu zenean, aitak oso estu besarkatu zuen. Baina ez zion utzi manta biltzen, ezta ipuinik kontatzen ere. Ez zuen nahi inork hartzea amaren lekua. Baina ama falta.
Bakarrik gelditu zenean zerura begiratu zuen, ama bizi zuela egiten zuenean bezala, eta amak aukeratua zuen izarra bilatu zuen, ametsetan babesa eman ziezaion.
Baina izar hura ikusi ez.
Orduan etxetik irten eta lagunik onena ikustera joan zen. Hontzak bere hegaltzarra zabaldu zuen hoztu ez zedin. Katagorria kukutu egin zen eta, hegalaren aterpetan, negarrari eman zion.
Hontza lumatan bilduta lo zegoela iratzarri zuten katagorria goizeko argiak eta berotasunak. Paisaia miretsi zuen zuhaitzetik. Oso ederra zen...!
Orduan bururatu zitzaion amak ez zuela berriz basoa ikusiko, ez zela han barrena jauzika ibiliko, ez zuela eguzkiaren gozoa berriz ezagutuko, ez zela txorien txioekin alaituko.
Malkoz bete zitzaizkion begiak eta etxean ezkutatu zen lasterka.
Ohean sartu zen eta mantapean ezkutatu zen.
Aitak bizkarra laztandu zion, hurbilduta: Ikusi behar duzu gauza bat...
Ez! -entzun zuen izaren artetik-. Ez dut ezer ikusi nahi.
Hau ikusgarria da ordea... -esan zuen aitak.
Eta katagorri txikiak muturra atera zuen, jakin-minez.
Zure aitona-amonak!
Katagorriak ez zituen ezagutu, baina asko entzuna zen haietaz.
Maite nituen. Beti aldean behar nituen. Baina zahartu egin ziren, eta hil. Orduan tristatu egin nintzen ni ere, nola tristatu gainera...!
Katagorriak erne entzuten zuen.
Erruz ikasi nuen haiekin, zuk ikasi duzun bezala aita-amarengandik.
Beti edukiko ditut gogoan...
Eta amaz ahazten baldin banaiz...? -galdetu zuen katagorriak, bat-batean.
Bai zera! Berak ere maite zintuen. Orain zure bihotzean dago.
Katagorri txikiak ez zuen ulertu... Eta hasperen egin zuen
Tristura besterik ez zeukan bihotz txiki hark. Jolasteko gogorik ez!
Lagunen amak ikusten zituenean, berea falta zuela nabaritzen zuen, eta are ilunago jartzen zen.
Orduan nahiago izaten zuen urrundu eta basoan ibili.
Intxaurrondo baten azpian gelditu zen behin. Intxaurrik handienak hartu zituen. Eskuetan igurtzi eta jaten hasi zen.
Trebea zen oso intxaurrak hausten. Amak irakatsita zekien hortzak ez akasteko.
Ase zelarik, zuhaitzetan gora ekin zion. Basoaren azkenera heldu zen adarrez adar jauzika. Eguzkiaren gordetzeari begira gelditu zen. Eta ezustean kilimak nabaritu zituen gorputz osoan. Belarriak zut. Isatsa harro. Batera eta bestera begiratu...
Ez zekien nola, baina ama hurbil ote zegoen...
Ilundu zuenean, lagunarengana joan zen.
Hontza, zuhaitzaren gailurrean, ilargiari kantari.
Eta biak isilik zeruari begira.
Tanpez, izar bat bereizi zuen katagorri txikiak.
Begira! Amaren izarra!
Inoiz ez bezala distiratzen du gaur -esan zuen hontzak, bai baitzekien zer edo zer hartaz.
Aitari esatera noa...!
Katagorri txikiak ulertua zuen ama berarekin zela
Eta lo hartu baino lehen, honela esan zion: Aita ipuin bat!