Sorgin

Sorgin

Badu beste izen bat ere: belagile Euskal Herriko leku askotan aipatzen da jeinu ezagun hau, Hegoaldean nahiz Iparraldean. Zuberoan, Belagile izena hartzen du, gehienetan.

Etsairen edo Akerbeltzen esanetara dagoen emakumezko jeinu gaiztoa da Sorgin. Jeinu honen eraginez, sorginduak dauden pertsonek, gehienetan emakumezkoek, dohain bereziak dituzte, eta gaizto kutsua dute. Hari egozten zaizkio uztaren hondatze ezustekoak, errota eta burdinolen matxurak, gaixotasun eta heriotza misteriotsuak, itsasontzien urperatzeak, begizkoak eta abarrak. Emakume hauek taldean dihardute, eta, data jakinetan, gauez ospatzen dituzten batzarretara joaten dira hegan. Gizakiaz gaindiko dohain hori lortzeko, ukendu batez igurzten dira, eta esaldi hau esaten dute: Sasi guztien gainetik eta odei guztien azpitik. Sorginen bilkura horiei akelarreak deitzen zaie, eta jatorria, Nafarroan, Zugarramurdin dago, sorginak biltzen ziren Akelarre edo ‘akerraren larrea’ izeneko barrutian. Akelarre hitza oso zabaldua dago munduan zehar, eta, ziur aski, euskal hitz ezagunenetako bat izango da. Bilkura haiek Akerbeltzen gidaritzapean burutzen zituzten; bertan, gorputza ukenduz igurtzi, eta belarrekin egindako edabeak edaten zituzten. Belarren ezaugarriak ederki omen zekizkiten; pozoitsuak, sendabelarrak, aluzinagarriak, eta abarrak. Dantzaldiak egiten zituzten musikaren laguntzarekin, eta sexu harremanak nahasian izaten omen zituzten. Jai haietan, Jesukristo arbuiatu eta Akerbeltz gurtzen zuten, eta haien arerioei begizkoak eta biraoak botatzen zizkieten. Sorginak animalia forma hartzen du nahi duenean, batez ere katu beltz itxura.

Elezahar batek dio emakume bat gauero gelditzen omen zela haritzen etxeko sukaldean, eta, egunero, katu beltz bat agertzen zitzaiola leihotik. Gau batean, emaztearen ordez, senarra gelditu zen andre mozorrotuta, eta, katua etortzean, makilaz kolpatu omen zuen. Hurrengo egunean, auzokide bat besoa apurtuta azaldu zen, eta orduan konturatu ziren herrikoak emakume hura sorgina zela.