Olentzero
Beste izen batzuk ere baditu: Olentzaro, Olentzero, Orentzaro, Onentzaro, Orantzaro. Hainbat eta hainbat lekutan aipatzen da Olentzaro. Gipuzkoako eskualdean, Orexan, Irunen, Oiartzunen, Donostian, Zarautzen, Andoainen eta Berastegin; Nafarroan, Arakilen, Lesakan, Beran eta Larraunen.
Olentzaro hitzaren esanahiaren inguruan badira zenbait iritzi. XVII. mendeko Lopez Martinez de Isasti kronikariak aipatzen du, lehen aldiz, ‘onen aroa edo garaia’ esan nahi duela, eta garai batean Gabon egunari deitzen omen zitzaiola horrela. Ondoren, beste autore batzuek ere ildo beretik jarraitu dute. Aldiz, Eusebio de Etxalar fraideak dio Erdi Aroan abenduaren 18tik 23ra egiten ziren otoitz batzuetan dutela jatorria, Antiphonae deiturikoetan. Otoitz haiek “O” letraz hasten ziren guztiak, eta hortik dator “O”-ren aroa edo garaia esanahia. Frantzian, Antiphona horiei “les O de Noël” deitzen zieten, eta, ondorioz, les oleries (Oren garaia) esapidetik, Iparraldean, Orentzaro sortu omen zen, eta gero hegoalderantz hedatu zen. Argi dago izenaren azken partikularen ”aro” esanahia garai bat izendatzeko modua dela. Leku askotan, Gabonetan erretzen den enbor bati izen berezi bat ematen zaio. Gipuzkoan, Olentzero-enbor, Oiartzunen, eta Gabon-subil, Antzuolan; Nafarroan, Onontzaro-mokor, Larraunen; Bizkaian, Gabon-subil, Abadiñon eta Gabon-mukur, Bedian; Araban, Gabon, Trespuentes-en. Izen horiek Olentzaro eta Gabon eguna pareko hartzen zirela iradokitzen digute. Ondorioz, esan genezake garai bat adierazten zuela lehen, eta gaur egun, berriz, pertsonaia bat. Gipuzkoako leku askotan, eta baita Nafarroan ere, Olentzaro deitzen zaio mendian txabola batean bizi den ikazkin xelebre bati. Gabon egunean, etxekoak oheratutakoan, tximiniatik sartzen da Olentzaro Gabon suarekin epeltzera, eta, horregatik, egun horretan, garbi egon behar du tximiniak. Herri batzuetan, lastoz eta trapuz egindako panpina bat ateratzen zuten Gabon egunean, eta herriko plazan erretzen zuten. Beste batzuetan, gazte bat ikazkin mozorrotzen zen, eta Gabon gauen eskean ateratzen ziren gazte taldeak. Gabon suak eta enborrak, nahiz Olentzeroren panpina erretzeak zerikusia dute suarekin, eta, San Joanetan bezala, solztizioaren ospakizun paganoa dagoela dirudi sustraian. Kristautasunera egokitutako ospakizuna dugu, jada. Zenbait lekutan kantatzen den abesti batek dio Olentzarok berri ona dakarrela, Jesus jaio dela. Gaur egun, Olentzaro, Euskal Herriko umeei eta ez-umeei, Gabonetan opariak ekartzen dizkien pertsonaia da, Noel pertsonaiaren antzekoa. Ikazkin hau, urte osoan, basoan, ikatza egiten egon ondoren, zaku bete opariz zamatuta ibitzen da Gabon gauean, etxez etxe, poza banatzen. Urtean zehar zintzo portatu denarentzat oparia izaten du, eta gaizki portatu denarentzat, ikatza.