Anjel Lertxundi - Maritxu

Irakurlea: Pako Eizagirre - Iturria: Konpainia noblean

Mahaikada bat gizon, soziedadean. Afaldu berri, gizonetako batek musuzapia eraman zuen lepora eta, seinale bat izan ba­litz bezala, gainerako gizonezkoek ere beren musuzapiak era­man zituzten lepora, eta kantuan hasi ziren:

"Maritxu, nora zoaz eder galant hori?". Segidan, lepotik buru gainera eraman zituzten musuzapiak, eta Maritxurena egin zuten: "Iturrira, Bartolo, nahi baduzu etorri". Musuzapiak, berriro lepora, Bartolorena egiteko: "Iturrian zer dago?".

Kantua amaitu zutenean, ardotxo txuritik eta kolore guz­tietakotik egin zuten trago. Beste kantu bati ekin zioten gero: "Maritxu, Maritxu, bizitzen badakizu, goizean-goizean txokolatea, arratsalde erdian kopatxu...". Eta beste bati segidan: "Txakolin, txakolin, txakolinak on egin, Maritxu, arintxo da Martintxo...".

Barre zangoka, nork gordinkeria lizunagoa esaten ari ziren gizonak beren kantuetako Maritxu hark zurruterako omen zuen talentuaren kontura. Gero eta hordiago zeuden, ez ziren pixa zuzen egiteko ere gauza.

Biharamun goizean -neguko egunsenti gordina zen-, Mari­txuk giltza sartu zuen soziedadeko sarrailan. Sukalde-komuneta­tik zetorrek kiratsak atzera eragin bazion ere, aurreko mantala jan­tzi, eta ontzi, harraska, zoru, komunak garbitzen hasi zen...


Anjel Lertxundi