Irakurleak: Joseba Gallastegi eta Pako Eizagirre - Iturria: ezezaguna
Valvert: Berorrek... Berorrek dauka sudur... Nola esango nuke nik?... oso-oso sudur handia.
Cyrano: Oso.
Valvert: Kar, kar!
Cyrano: Eta hori da guztia?
Valvert: Baina...
Cyrano: Ai, ene! Hori, gazte, oso gauza gutxi da. Askoz gauza gehiago esan daitezke hizkera aldatuta. Adibidez, hizkera erasokorra erabilita: «Nik, jauna, halako sudurra banu, berehala erauziko nuke».
Edo, hizkera lagunkoia erabilita: «Edatean busti egingo zaio berorren kopan, berezia egiteko agindua eman beharko luke». Edo, deskribatuz: «Harkaitza da, tontorra, lurmuturra, baina, nola diot lurmuturra! penintsula da eta». Edo, jakin nahirik: «Zertarako balio du gehigarri horrek? Artazi-kutxatilarako?» Edo, hizkera barregarria erabilita «Hain gustukoak ditu berorrek txoriak, non esekitoki hori eskaintzen dien aitatiar haien hankatxoentzat?». Edo, era krudelean: «Erretzen duenean, jauna, kea sudurretik bota al dezake berorrek, auzokoek tximinia sutan dagoela oihuka hasi gabe?» Edo, ohar gisa: «Erne ibili, bestela, burua lurrera eroriko zaio berorri, pisu horrek eramanda». Edo, goxo: «Eguzkitakoa jarri beharko lioke, bestela, eguzkiak kolorea honda diezaioke». Edo, pedantekeriaz: «Jauna, Aristofanesek hipokanpoelefantogamelu deitu zuen animaliak baino ezin zuen aurpegian hainbeste haragi izan, hainbeste hezurren gainean». Edo, adeitsu: «E, lagun! Modan al dago kako hori? Kapela bermatzeko oso erosoa da behintzat». Edo, hanpatuta: «Ez dago haizerik mistrala izan ezik, oi, sudur!, osorik hoztuko zaituenik. Itsas Gorria izango da, odola dariola». Edo, mirespenez: «Nolako ikurra lurrungilearentzat!». Edo, lirismoz: «Zer ote da, itsas barakuilua ala uhandrea?». Edo, xalotasunez: «Noiz bisita daiteke monumentu hori?». Edo, gizalegez: «Zilegi bekit, jauna, zoriontzea, horri esaten diot nik etxe propioa izatea». Edo, mazal: «Aizu, lagun! Hori sudurra al da? Tira, hori arbi erraldoia edo meloi txikia da!» Edo, era militarrean: «Oldartu zalduneriaren kontra!». Edo, azkenik, Piramo parodiatuz, negar-zotinka: «Hona hemen jabearen irudiaren armonia hautsi duen sudurra! Horregatik dago azpisuge hori lotsak gorrituta!»
Hona hemen, gutxi gorabehera, zer esango zidan berorrek, erudizio eta adimen pixka bat izan balu. Baina adimenetik, oi, izakien artean penagarriena!, inoiz ez zuen izan berorrek atomo bat bera ere, eta letrei dagokienez, honako hitz hau osatzen duten bostak, besterik ez ditu berorrek: «ergel». Eta beharrezko sormena izan balu txantxa horiek guztiak jendarte goren honen aurrean egiteko, ez zuen esango ezta bakar baten erdiaren laurdena ere, nik neure buruari errazki esaten baitizkiot, eta ez baitut onartzen beste inork esatea.
Edmond Rostand