Ezezaguna - Ohezaletasuna

Irakurlea: Pako Eizagirre / Idazlea: ezezaguna / Iturria: EGIN egunkaria

«Ohean hitz egin, zigarroak erre, bonboiak jan, edari goxoren bati tragoxkak lapurtu, musika entzun: "izara artean mundua dago, izara artean zerua..."».

Ohean pena guztiak joaten zaizkizula diozu eta nik, nekez uler dezaket hori, ohe zale eskasa nauzulako.
         Ez dut txikitatik behar adina baino denbora gehiagorik ohean pasa gaixo aldietatik aparte, eta gaur egun ere, ohean denbora gehiago ematen saiatu arren, zaila egiten zait nagikeria eta denbora galtzearekin ez lotzea ohean denbora pasa egotea. Zu bezalako ohe zaleek inbidia pixka bat ere eman ohi didate, nahiz eta igande osoa maindiren artean gustura nola igaro daitekeen ez ulertu.
         Zuk, berriz, Erdi Aroko ohitura zaharra berritu beharko litzatekeela diozu, hau da, edozein arazo politiko edota borroka konpondu ondoren alde batekoek edo bestekoek elkarrekin lo egin beharko luketela, bi aldetatik konfidantza osoa dagoela erakusteko. Ohe handi bakar batekin egiten duzu amets, ohe indibidualak oraindik asmatu gabeak ziren garai haietakoak bezalakoak non gurasoek, seme-alabek, bestelako gonbidatuek eta baita zenbait txakur edo katuk lo egiten baitzuten.
         Horizontalean ezagutu beharko genukeela elkar diozu, eta ez zoritxarreko ohiko bertikalean, ez baikara berdinak, nonbait, etzanda egonez gero eta botere harremanak zailagoak gertatzen bide dira bestearen berotasuna ondoan sentituz gero. Barre gura ematen didazu ohe zaletasunari buruzko laudorioak eskaintzen dizkidazunean.  Zure hitzetan, ez dago munduan ohean erdi lo-erdi esna egotea baino gauza hoberik, depresio aldirako tratamendu egokiagorik edota irudimenerako hego aldi aproposagorik... Ohean hitz egin, zigarroak erre, bonboiak jan, edari goxoren bati tragoxkak lapurtu, musika entzun: "izara artean mundua dago, izara artean zerua..."
         Bai, badakit ez zarela amodioaz eta izaren arteko jolas erotikoez soilik pentsatzen ari, beste nolabaiteko bizitza hipotetiko batez baizik; horregatik, agian, nire eszeptizismoa uxatu nahian, Historiara jotzen duzu, Richelieu kardinala aipatzen didazu, zeinak, zuk diozunez, egunean ordu erdi bat bakarrik egiten baitzuen ohetik kanpo.  Tarte horretan
 
erregearengana joaten zen, zenbait berri aztertu, haren aginduak jaso eta berriro ohera abiatzen zen.  Eta Henri Matissena?  Ez al dakit ba nik, hain artezalea izanik, haren anekdota bitxia?  Ezetz?  Bada, zuri pintore horrek egin zuena zoragarria iruditzen zaizu: ohean zegoen bitartean pintzel luze batez gelako sabaia pintatu omen zuen. Eta ez da zure ohearen aldeko manifestua horretan bukatzen: Karlos Ia, XVIII mendeko errege suediarra, aipatzen didazu segidan... Errusiako Pedro Handiarekin izan zuen gerra galdu ondoren, ohean sartu eta hantxe, irten gabe, hamazazpi hilabete pasa zituela aurpegiratzen didazu, nire ordenagailuari begirada azkarra eta haserrea zuzentzen diozun bitartean.
         Baina alferrikakoak dira zure arrazoi guztiak, maite, egunkarirako artikulu hau idatzi behar dut, eta hori bukatu arte ez dut uste ni berriro oheraraztea lortuko duzunik.