Nik badakit nirea ttikia dela, horrek ez du niretzat garrantzi handirik. Lehen, hori zela medio, buelta batzuk ematen nizkion buruari, baina gaur egun ez da niretzat inolako arazoa.
Tamaina da gutxienekoa. Beste gauza askotan bezalaxe, honetan ere erabilera da balio duela. Erabilpena egokia bada, horrek balio du; gehiegizko tamainak askotan trabatarako izaten dira, horretarako.
Nirea ttikia izango da, baina mugitzen dena, bizkorra, lanerako beti pronto dagoena. Zertarako dut handia, noiznahi ezinean bide erdian gelditzeko bada? Nireak ez du garabiarik behar mugitzeko, bakarrik laster jartzen da martxan, laguntza handirik gabe.
Ni futbolaria naiz, edo futboleroa, berdin zait, eta talde askotan jokatu dut. Lagun asko ezagutzeko aukera izan dut, eta denetarikoak ikusi ditut. Galantarekin ezagutu ditut, baina, jendeak hala uste ez badu ere, gehienak ttikiarekin. Askok dute ttikia, bai, eta haiexek ikusi izan ditut neska lagun ederrenarekin. Beraz, neskei handia gustatzen zaiela ere askotan entzun izan dut, baina ez dut uste horrela denik. Batzuek izugarria dute, baina ez dakit zertarako, gehienetan bakarrik ibiltzeko.
Nire ustez zerbitzu berbera egiten du ttikiak. Handia duten horiek askotan ez dute jakiten nola maneiatu ere. Motel, torpe, baldar, trakets, zarpail... Ttikia dugunok berriz, di-da! Badakigu nola eta noiz jarri behar dugun martxan, eta maniobra handirik gabe, rau! abiatzeko prest.
Handia duten horiek, berriz, beti hortxe, beren hori guztiei erakutsi beharrean. Edozein aitzaki aski dute beren tramankulua atera eta denei erakusteko. Ederra, handia, distiratsua... Baina gehienak alfer-alferrik. Ni ez naiz horrelakoa. Ni ez naiz horrela aritzen. Inork ez du jakin beharrik nirea nolakoa den. Bakarrik behar duenak, nahi duenak, erabili behar duenak. Hari erakutsiko diot eta kito. Besteei bost axola.
Handia izateak bere arazoak ere sortzen ditu, ez pentsa, gero! Ni oso pozik nago nirearekin. Beti izan dut ttikia eta ttikiarekin jarraituko dut. Orain ez naiz aldatzen hasiko. Nirea erabili eta nirearekin gozatu dutenek ere ez dute inolako kexurik. Niretik pasatu direnak pozik gelditu dira zerbitzuarekin.
Denek esaten dutenez, ttikia baina praktikoa, erabilgarria oso, bizia, eta gogorra gainera. Batez ere hori, oso gogorra. Handiak normalean ez dira horren gogorrak izaten, ahulagoak izaten dira, bigunak, belaxkak, berak.
Nire emaztea ere txoratzen dago. Hark ere lehenengo aldiz ikusi zuenean, «jesus, bai ttikia!» oihukatu zuen, baina geroztik ez du horretaz hitz egin. Orain ez luke nolanahi aldatuko. Beno, hori da niri esaten didana, behintzat. Egunero erabiltzen du. Egunero behar du bost minuturako bada ere. Ez dio trote izugarria ematen, baina egunero-egunero bere saiotxoa. Ez dio deskantsurik ematen.
Nik esaten diot, gehiegi ere ez dela ona, ttikia dela eta dosifikatzeko, garaia baino lehen erre ez dadin. Baina bost axola. Hark berea. Oso derrigorrezkoa ez badu ere, benga, gainean jarri eta ale! Asko biziatu da gure emaztea, lehen ez zen horrelakoa. Baina orain gustua hartu dio, nonbait. Eta emaztea kontent badago, ni ere bai. Zer esango dut nik?
Koinatari ere nirea gustatzen zaio. Eta nola gustatu ere. Bere senarrak handiagoa omen du, baina nire andrearen ahizpari nirea gehiago gustatzen zaio. Hark ere lehenengo aldiz ikusi zidanean barre egin zuen: «Baina nora zoaz horrekin, gizona»? Baina orain ez dit horrelakorik esaten. Nahiago luke senarrak ere nirea bezalakoa balu. Harena mugitzen hasteko denboran nirearekin buelta egina omen du. Nire koinata horretan azkarra da. Ez zaio alferrikako luzamendutan ibiltzea gustatzen. Berehala martxan jarri eta laster egiten ditu egin beharrekoak.
Nik esaten diot, senarrarenarekin ez badago gustura harekin konpontzeko. Nik ez dudala deus ere jakin nahi kontu horrekin, ni ez sartzeko. Eta gainera, ez dudala nahi nire emazteak deus ere jakitea. Tarteka, noizean behin bada, ez dagoela arazorik, baina ez dudala inolako loturarik nahi, ez dudala inolako konpromisorik nahi. Gauzak horrela hasten direla, pixkanaka-pixkanaka, eta gero ez dutela amaiera onik izaten. Ez dakit azkenean nola bukatuko dugun.
—Zurea kapritxo bat besterik ez da! -esaten diot. Zure senarrarenarekin aski duzu, ez duzu nirearen beharrik.
—Bai, halaxe da, kapritxo bat. Eta zer? Nik ez al dut kapritxorik merezi? Zurea beste gauza bat da, Andres.
—Noski zuk kapritxoak ere merezi dituzula. Mereziko ez dituzu, bada! Baina ez zait gustatzen gauza horiekin jolasten aritzea. Gero badakizu zer gertatzen den. Edozer gauza pasatu, eta akabo. Betirako haserre gintezke. Eta deskuidatuz gero, familia ere pikutara, igoal.
—Eta zergatik pasatuko da zerbait. Mesedez, Andres. Palankatxo hori nire eskuarekin hartzen dudanean, eta aurrera eta atzera hasten naizenean, ezin naiz gelditu. Aurrera, atzera, sartu,
atera... hain da liraina, hain da maneiagarria. Ez dut ia indarrik ere egin behar izaten.
—-Badakizu zer egin, guapa!
—-Zer?
—Zer? Zuena saldu eta nirea bezalakoa erosi. Seat Ibiza du izena. Ez dira garestiak, eta aukera zabala duzu. Katalogoa etxean daukat oraindik, eta utziko dizut.
Horrelaxe moztu behar izan nion azkeneko txandan auto eske etorri zitzaidanean. Ia egunero hasia da, eta egia esan aspertzen ari naiz. Bere kanbioaren palankatxo horren kontuarekin moskeatuta nauka. Ez dakit, ez dakit... Askotan ez dut jakiten zein palankatxoz ari den.