Anjel Lertxundi - Power Point

Irakurlea: Pako Eizagirre - Iturria: BERRIA egunkaria

Kongresu baten antolatzaileak hizlarietako bati: «Zuk power point-a erabili behar duzu edo gauzak esan behar dituzu?». Txiste bat dirudi, baina egoera zabaldu baten ertz asko agertzen ditu power point-ik gabeko saiorik antolatu ezin den garaiotan.

=================================

Power point-aren erabilera eta gauzak esatea ez daude, jakina, elkarren kontra, baina eskolako, hitzaldietako, jardun publikoetako ahozko diskurtsoaren elementu lagungarriek (zirkinek eta arbelak zein teknologia berriek ekarritako power point-a bezalako tresnek,) diskurtsoa hobetu behar dute, eta ez diskurtso falta ezkutatu.

Ilustratzaile onek aspaldi irakatsi ziguten haur liburu batek zer nolako marrazkiak behar dituen: narrazioa osatzeaz gainera, leiho berriak zabaltzen dituztenak, eta ez narrazioaren klonak. «Hizlaria lerdea dariola dago» testuak ez du power point-ek lerde-jario jarritako hizlari eskas baten irudia erakutsi beharrik power point-ean. 


 

Anjel Lertxundi