Larunbat gaueko ordu txikitan, kantatu egiten genuen. Lagun arteko edozein saio aproposa genuen kantatzeko, txistu jotzeko, errepertorioa osatzen joateko, eta etxetik Zuberoraino ere egin genuen txango, gure errepertorioa zabaldu eta gure kantutegia distiratze aldera. Kantatzen duen herri bat ginen: kantatuaz, kantatuaz zorion eta penak, kantatuaz sortzen omen genituen gure itxaropenak. Baina orain ez dugu kantatzen. Ez, ordea, zorionik eta penik ez dugulako. Ezta etorkizunik eraiki nahi ez dugulako ere. Baina zergatik galdu dugun kantatzeko ohitura, zergatik mututu garen, zergatik haustu den gure garai bateko errepertorio oparoa, ez dakigu. Edo beharbada badakigu, baina nahiago dugu arrazoiak isilean gorde.