«Seme maite-maiteok, urrutiko herri batera abiatzera zoazten honetan, lerro gutxi hauek idazten dizkizuet betiko gorde ditzazuen -zioen aita batek 1937ko maiatzean, bere semeek erbesterako bidea hartzeko bezperan.
Irakur itzazue, eta gogoan izan. Une hauetan, semeok, ikusirik jaioterritik urrun zoaztela hegazkin hiltzaileek gure gainera jaurtitzen dituzten eta gure herria suntsitzen ari diren bonbetatik salbatzeko, atsekabe handia sentitzen dut joan beharra duzuelako, baina poztasuna ere bai, ume gisa merezi duzuen bizitza bizitzera zoaztelako.
»Semeok: zu, Narciso, zaharrena zara. Kontu egin beti zure anaia txikiei. Moises, seme, saia zaitez alai ibiltzen, eta ziur izan aitak eta amak ez zaituztegula ahaztuko ez zu, ez zuetako inor, sekula; guda bukatuko da, eta gure ondora itzuliko zarete. Eta zu ere, Javier, seme, ibili alai. Eutsi beti zure umore onari eta zure bizkortasunari zuhurtziaren mugetan. Gazteena bazara ere, bizitzan bide egiteko gai izango zarela antzematen dizut. Zure anaiak, nahiz zu baino zaharragoak izan, otzanagoak dira zu baino. Errespetu handiz tratatu beharko dituzu. Gainera esan behar dizuet hiru anaiok elkar maite duzuen bezala maite behar dituzuela beste ume guztiak, zuen anai-arrebak balira bezala, gizalegearen izenean, denok anai-arrebak zaretelako eta maitasuna zor diogulako elkarri...»
Natalia Benjaminek El exilio de los niños erakusketaren katalogoan gogorarazten digunez, Gernikaren bonbardaketak sekulako zirrara eragin zuen, eta Bilbok eta beste hiri batzuek zori bera izango zutela uste izan zuten askok. Giro horretan onartu zuen Ingalaterrak garaiko Euzko Jaurlaritzaren eskaria, eta hiru mila umetik gora -Narciso, Moisés eta Javier haien artean- Southampton-erantz abiatu ziren Habana itsasontzian. North Stoneham-eko kanpamentuan kokatu zituzten, Eastleigh-en, eta han egin zien bisita Yvonne Cloudek, zeinen liburutik, The Basque Children in England, hartu dudan gutunaren zatia; inork puskatzerik izan ez zuena.