http://pkeizagirre.podomatic.com/entry/2008-01-05T15_32_37-08
Irakurlea: Pako Eizagirre
Eta, zergatik ukatu,
goiz batzuk Haydnen sinfoniak
bezala dira jaiotzen.
Dena ongi doa, dena,
edo ia-ia ongi.
Hodeiak lasterka zeruetan,
portuan ontziak harat-honat,
itsas azalaren koloreak,
beti berdin, beti berri,
gaurko argi zehatzaren mende.
Pozik gaude autobusaren zain
edo ia-ia pozik,
dena ongi balego bezala.
Pentsatzeko denbora apur bat,
eta lasai nabaritu
egunak aurrera doazela
urrats ttipiak eginez.
Une bat bederen atzokoa
gogoratzeko, merezi baitu
iraganak gure mina,
arina bezain sakona,
behar duen neurri klasikoan.
Etsipen orekatua,
agian bizigarria,
Haydnen sinfonien antzera.
Haydnen sinfonietan bizi,
deus ez aldatu dena aldatu,
bizitzaren ezagutza
ez da ikaragarria,
dena dakigu deus ez dakigu.
Poztasun-sofrimenduek oro
dantza bat behar dute leunkiro.
Eta gero arraina erosi,
esnea, ogia, ura,
diru gehiegi ezin gastatu.
Auzo atseginenak gure zain,
eta izugarrienak.
Haydn, gaur ez inozo, ez astun,
etorkizunetik dator
Tempora mutantur goitizena
hartu zuen sinfonian.
Tempora mutantur. Zeru-lurrak
oreka saiatzen ari dira.