Gauero aterako nintzateke paseatzera, gaua oso polita baita, eta arratsa ere bai, eta guk horixe egiten genuen lehenago, Toby, Kent, aitonak eta laurok, lanak bukatu eguzkia erabat ezkutatu aurretik, eta gero haran aldera abiatu bidexidorretik.
Aitona Kent-en gainean jartzen zen, eta nik herriko jaietan erositako bastoi txuria hartzen nuen, eta Tobi berriz oso tontoxka da, eta zalapartan korritzeari ekiten zion hasieratik bertatik, korrika atzera eta aurrera, mitxiguei segika eta zaunka eginez, baina mitxiguek burla egiten zioten beti, bere buru gainetik pasatzen ziren tximista bezala, abistu eginez, ezta? zergatik mitxiguek abistu egiten dute ordu horretan, eltxo bila dabiltzala. Eltxoak hegoekin harrapatzen dituzte, eta udaberrian behintzat asko saiatzen dira, umeengatik noski, umeak edukitzen dituztelako habietan, eta aitonak lagundu egiten zien, esnetan bustitako ogi papurrak botatzen zizkien eztarritik behera, eta eskerrak horri, familia haundiegia zen, bost ume, pentsa, gure etxean ni bakarra naiz, eta halere aita beti kejaka aritzen da, granjak ez duela ematen niri eskola haundia pagatzeko lain ere, baina oraindik zortzi urte ditut, eta asko falta da eskola haundirako.
Bada granja uzten genuen mitxiguen ordu horretan, eta mantxo mantxo abiatzen ginen bidetik behera, eta aitonak nire amak josteko erabiltzen duen zinta metrikoa eramaten zuen, zergatik ama erdi jostuna da, eta soinekoak egiten ditu batzuetan, herriko maistrari gorri gorri bat egin zion behin, eta niri asko gustatzen zitzaidan, baina Vincent haundi horri ez, Vincent-ek burla egiten zion, maistrak tomate antiajuduna zirudiela esaten zuen, maistra enamoratua zegoela oso, eta marrazki bat ere egin zion arbelean, eta gero maistrak kastigua jarri zigun guztioi.
Bada aitonak zinta hori eramaten zuen, eta erabat ilundu arte landareak neurtzen aritzen ginen, eta oso serio jartzen zen aitona, eta esate baterako belaunikatu egiten zen alpapa sailean, eta nola oso zaharra den, bada nik eusten nion zintaren beheko muturrari, eta hala esaten zuen aitonak bere kalkuluak egin eta gero:
`Marie, belar hau hamar milimetro hazi dun atzotik. Munduak bizirik jarraitzen din.'
Eta niri poza ematen zidan horrek, eta askotan barrez hasten nintzen, egun batean behintzat ia lehertu nintzen barrez, zergatik gu frantziberdea neurtzen ari ginela, biok makurtuta, ezta? bada Kent etorri zen atzekaldetik, eta gu bion artetik muturra sartuz, bada frantziberde mordo bat jan zigun, eta aitona haserretu egin zen oso,. eta betortzak kenduko zizkiola agindu zion builaka, ea zer errespeto zen hura, baina ez pentsa, ez zen benetan haserretu, hari txuria lotuta zeukaten belarrak bakean uzteko agindu zion, zergatik aitonak hori egiten zuen, seinalatu neurtzen genituen belarrak, baina ez, ez zen haserretu, egia esateko Kent-ekin ez zegoen haserretzerik, hain zaldi txintxoa, begira begira gelditzen zen bere begi haundiekin, triste triste, eta edozein gauza barkatzen genion.
Eta holaxe jaisten ginen zubiraino, eta han beti sagu zahar bat egoten zen, Gordon, eta aitonak Gordon oso dudazalea zela esaten zuen, hortik zetorkiola jira eta biraka ibiltzeko ohitura hori, beti toki berdinean norabidearekin asmatu ezinez edo horrela, eta amona zena ere halakoxea zela, eta granja horregatik ez zuela behin ere uzten, elizara ere ez zela joaten herrirainoko bidaia ez egiteagatik. Eta beste txori bat ere ibiltzen zen zubian, Arthur beti azken orduarekin ibiltzen zen, eta aitonak errieta egiten zion:
`Arthur! Arthur! gaur ere berandu habil! Peskiza ederrean edukiko dituk etxekoak!'
Niri Arthur gehiago gustatzen zitzaidan Gordon baino, baina Gordon ere gustatzen zitzaidan, edo behintzat ez nion amorraziorik, baina Vincent-ek bai, Vincent-ek amorrazioa die xaguzahar guztiei, eta behin harrapatu egin zuen bat, eta eskolara ekarri zigun, eta zigarro bat jarri zion ahoan, eta sagu zaharra kea hartuz eta hartuz hasi zen, puztuz eta puztuz, eta azkenean lehertu egin zitzaion tripa, eta hil egin zen, eta nola Gordon-en igual iguala zen, bada nik negarrari eman nion, eta Vincent-ek burla egin zidan, haundi nazkante horrek.
Zubia utzi eta gero tontor batera igotzen ginen, eta gero eseri tontor horretan dagoen harri batean, afaltzeko noski, zergatik harri horrek mahai baten itxura dauka, eta aitonak ganpazua zabaltzen zuen, eta nik ogi zuria jaten nuen, eta arraultze gogortua, eta urdaia ere bai, eta gero sagar bat. Eta tarte horretan ixil ixilik egoten ginen, eta Toby eta Kent etzan egiten ziren lurrean, oso ondo denok, beti ondo, eta hobetoena udan, zergatik udan jende gehiago ibiltzen da paseoan, eta gu ere urrutiago joaten ginen, trenbideraino ere bai batzuetan, eta behin maistra ikusi genuen han, eta aitonak eta biak izarren gainean hitz egin zuten, eta egiten zuen beroaz, eta aitonak sugeekin kontuz ibiltzeko esan zion.
Aitonak beldur handia zion sugeari, eta horregatik oilo bat eramaten genuen gurekin, hori udan, ezta? bero zakarra egiten zuen egunetan eta horrela, eta oiloari Frankie jarri genion izena, baina problema bat zen zergatik Frankiek ez zuen aurretik joan nahi izaten, eta horrela ezin zituen bideko sugeak hil, eta aitonak buila egiten zion:
`Frankie! atzetik joateko ez dinat espezialistarik behar!'
Aitonak hori esaten zuen, sugea zeharo alua zela, eta hil egiten duela txoria, eta burua puzten diela zakurrei, eta irrintzika jartzen dituela zaldiak, eta esnea lapurtzen diela behiei, baina oiloen aurrean ez daukatela zer eginik, oiloak espezialistak direla sugeak hiltzen.
Eta holaxe ibili ginen azken udan ere, Toby, Frankie, Kent, aitona eta bostok, aitona Kent-en gainean eta ni neure bastoi txuriarekin. Eta gero udazkena etorri zen, eta Frankie etxean uzten genuen, eta holaxe genbiltzan, paseatuz ezta? herrian zaldiak azaldu ziren egunerarte.
Egun hartan eskolan geunden, eta maistrak aritmetika esplikatu zigun, eta denok ondo portatu ginen, Vincent ere bai. Eta maistrari asko gustatu zitzaion hori, eta azken orduan jai egingo genuela esan zuen, eta herriaren iskinan dagoen tren geltokira joango ginela, geltokian zaldiak zeudelako, zaldi asko trenaren zai. Eta hala joan ginen, eta nik ez dut sekula ikusi hainbeste zaldi batera, eta itxituretan zeuden, gutxienez bostehun zaldi, eta denak urduri, eta nola hotz piska bat egiten zuen bada lurruna botatzen zuten, eta laino bat bezala ikusten zen geltokiaren inguruan. Ni begira begira egon nintzen denbora askoan, eta nire artean zaldi bakoitza Kent-ekin konparatzen nuen, eta niretzat han ez zegoen Kent baino politagoa zenik.
Vincent nire ondotik zebilen egun hartan ere, nik esaten diot apartatzeko, alde egiteko nire ingurutik, baina berak ez dit jaramonik egiten, eta nire atzetik ibiltzen da beti, bada hori, bada egun hartan ere etorri egin zitzaidan, eta nire ondotik zebilen, txorakeriak esaten noski, maistra Katharina treneko gizonarekin ikusi zuela, musuka eta horrela, eta nik zaldi haiek norako ziren galdetu nion, eta berak:
`Hamburgora eramango dizkinatena, Hamburgora.'
`Eta zergatik Hamburgora?' esan nion nik.
`Ameriketara bidaltzeko barkuan.'
`Ameriketara?' galdetu nion, zergatik ez nuen hura entenitzen. Eta Vincent-ek kopeta hainbeste ez zimurtzeko esan zidan, itxusi egiten ninduela horrek, eta gero zaldiei begiratu zien:
`Ameriketan zaldiki asko jaten dinatena.'
Eta orduan konprenitu egin nuen, zaldi guzti haiek mataderorako zirela, bidaia egin eta gero hil egingo zituztela, eta handik aurrera ez nuen han segitu izan nahi, eta eskolara bueltatu nintzen, eta maleta hartu eta etxerako bidean jarri nintzen mantxo mantxo.
Handik ordubetera edo ailegatu nintzen granjara, eta aldapa igo eta segituan aitona ikusi nuen silan eserita, eta berak keinu bat egin zuen ni ikustean, burua jaitsi zuen, eta ez zidan diosalarik ere egin, eta derrepentean Kent etorri zitzaidan burura, eta geltokiko zaldiak, eta Vincentek esandakoa, eta korrika joan nintzen ikuilura, Toby han zegoen, Frankie han zegoen, baina Kent ez zegoen, eta aitonari deika hasi nintzen, eta orduantxe bertan trena sentitu nuen, trenaren ziztua bazihoala abisatuz.
Horregatik ez naiz paseatzera ateratzen gauez, Kent falta delako, eta aitona nola zaharra den bada ezin du oinez egin, eta etxean gelditzen naiz, ezer egin gabe, ezta debererik ere, zergatik maistra joan egin zen trenean eskola betirako utzita, eta sukaldean afaltzen dut, eta ez dakit nola dihoazen belarrak, nola dabilen Gordon, nola dabilen Arthur, eta pena hanndia izaten dut Kent amerikano batek jan duela pentsatzen dudanean.