Mensaje de error

Deprecated function: Optional parameter $input declared before required parameter $form_state is implicitly treated as a required parameter in include_once() (line 1442 of includes/bootstrap.inc).

Zerbait izugarria gertatuko da herri honetan

https://vimeo.com/478589984

Idazlea: Gabriel Garcia Marquez - Irakurlea: Pako Eizagirre

Andrea bere seme-alaben gosaria prestatzen ari da. Oso kezkatuta dagoela ematen du.

«Zer gertatzen zaizu?», galdetu diote seme-alabek, eta amak honela erantzun du: «Ez dakit, baina herri honetan zerbait izugarria gertatuko dela pentsatuz esnatu naiz». Semea eta alaba barrez hasi dira. Zaharren susmoak dira, gauza normala, pentsatu dute.

Semea bilar-jokora joan da eta, karanbola erraz-erraz bat jo behar zuenean, «ezetz egin!» esan dio bere lagunak. Irribarrez daude guztiak; bera ere bai. Egin du kolpea eta ez du karanbolarik egin. Dirua ordaindu du eta galdetu diote: «Baina, zer gertatu da hain karanbola erraza ez egiteko?» Honela erantzun du mutilak: «Oso erraza zen, baina gure amak goizean esan didan zerbaitez gogoratu naiz, herri honetan zerbait izugarria gertatuko dela.»

Barrez hasi dira guztiak eta dirua irabazi dion laguna bere etxera itzuli da. Bere diruarekin zoriontsu, honela esan du: «Damasori modurik errazenean irabazi diot gaur dirua, ergela delako.» Eta etxean galdetu diote: «Eta zergatik da, bada, ergela?» Honela erantzun du: «Ba, karanbola erraz, bat egin ez duelako, bere amak gaur goizean herri honetan zerbait izugarria gertatuko dela esan duelako». Orduan, esan dio amak: «Ez duzu zaharren pentsamenduez trufatu behar, askotan egia bihurtzen dira eta.»

Etxeko batek hori entzun du eta okela erostera joan da gero. Harakinari esan dio: «Jarri libra bat okela». Eta harakina okela ebakitzen ari dela, hau erantsi du: «Hobe bi libra; zerbait izugarria gertatuko dela esan du jendeak eta hobe da prest egotea». Harakinak, beste andre bat libra bat okela erostera etorri denean, honela esan dio: «Eraman itzazu bi, jendea zerbait izugarria gertatuko dela hasi da esaten eta gauzak erosten ari dira prest egoteko». Atsoak honela esan dio:

«Eman lau libra, seme-alaba asko ditut eta». Ordu erdian okela bukatu da eta harakinak beste behi bat hil du. Eta hori ere saldu egin du.

Esamesa gero eta gehiago zabaldu da. Herrian mundu osoa zer gertatuko zain dago. Arratsaldeko ordu bietan, beti bezalako beroa egiten du. Norbaitek hau esan du: «Konturatu al zara zelako beroa egiten duen?»

«Herri honetan beti egiten du beroa, baina».

«Hala ere ez du sekula ordu honetan hainbesteko berorik egiten».

«Baina ordu bietan beti egiten du berorik handiena».

Herri hutsera, plaza hutsera, bat-batean txoritxo bat jaitsi da, eta hauxe esan du batek: «Txoritxo bat dago plazan». Eta mundu guztia etorri da, izuturik txoritxoa ikustera.

«Baina, jaun-andreok, beti egon dira plazan txoritxoak.»

«Bai, baina sekula ere ez ordu honetan.»

Jendea gero eta larriago dabil, tentsioa handitu egin da eta herritarrak etsirik daude. Alde egin nahi dute, baina ez dute alde egiteko ausardiarik.

«Ni ausarta naiz, ba -oihukatu du batek-. Ni banoa.»

Hartu ditu bere altzariak, seme-alabak, abereak, gurdi batean sartu ditu, eta kale nagusian barrena abiatu da. Denak berari begira geratu dira. Orduan batek esan du: «Hori alde egitera ausartzen bada, gu ere bagoaz». Eta herritar guztiek alde egin dute, beren gauza eta abereekin.

Eta herria utzi duen azkenak honela dio: «Zorigaitza ez da gure etxe bakartietara etorriko». Eta orduan su eman dio bere etxeari, eta beste guztiek ere erre egin dituzte beren etxeak. Denak ikaratuta joan dira ihesi, eta haien guztien erdian, lehen susmoa izan zuen andrea doa, oihuka: «Neuk esan dut zerbait izugarria gertatuko zela, eta eroturik nengoela esan didate».