MESELETCH
Etiopia
Kontu hau gertatu zen Etiopian, agian Wukro herrialdeko herrixka batean, edo.
Duela urte batzuk bazen herrixka horretan, emakume bat. Haren izena: Meseletch.
Urte bat da, ezkondu dela. Beti alai eta pozaren pozez dabil. Meseletch da etxeko lan guztiak egiten duena. Beti izaten du etxea txukun eta garbia.
Senarraren gustua egiten ahalegintzen da, Meseletch, gau eta egun.
Haren senarrak, aldiz, jenio bizia du, oso. Gazia da, guztiz. Beti dabil haserre eta erreta. Senarraren inguruan ez da ez atseginik, ezta bakerik ere. Ez dago, inoiz ere (eta inondik ere) konforme, emazteak egiten duen lanarekin, egiten duena egin. Errierta egiten dio, egunero hutsik egin gabe, Meseletch gaixoari. Egun batean, egurtu eta dena egin du Meseletch gaixoa senar gaiztoak.
Gau erdi batez, Meseletch esnatu egingo da, asaldatuta. Haren irribarrea, tristura bihurtu da. Eta, bat batean, hor hasten da orro batean, ero baten pare.
Ukuiluko abereak ere kutsatu egingo dira haren orroarekin, eta hor hasten dira haiek ere orro batean, ero baten pare.
Senarrak ezin du bakean bizi, hainbeste orro tartean.
Egun batez (erabat etsita, orroa besterik ez duelako entzuten) sorginarengana joango da.
-Zerbait gertatu zaio gure andreari. Beti dabil orro batean, ero baten pare. Ez da isildu ere egiten. Ez da bakerik gure etxean, gau eta egun.
-Orro-gaitza du. Badut sendagai bat, orro-gaitza sendatzeko. Baina, osagai berezi bat behar dut. Zoaz mendi beldurgarrietan barrena. Aurki ezazu lehoirik zitalena. Eta ekar iezazkidazu haren biboteko hiru ile. Orduan sendatuko dut emaztearen orro-gaitza.
Senarrak ez du batere gogorik etxeratzeko, infernuko zuloa dirudielako. Eta hor abiatzen da mendi beldurgarrietan barrena, lehoirik zitaletan aurkitzeko, sorginak esan bezala.
Asteak emango ditu lehoirik zitalena bilatzen, mendi beldurgarrietan barrena. Era guztietako animalia eta pizti-jendea aurkituko ditu: elefante, jirafa, orangutan, hipopotamo, errinozero, bufalo, tigre eta beste.
Baina… ez du aurkituko lehoirik zitalena. Baina, etsiak jota dagoela, hor non esaten dion kolore ugari eta biziko hegazti batek non aurkituko duen lehoirik zitalena.
Hala, hirugarren astean, aurkituko du lehoirik zitalena, bere habian, harkaitz zulo batean sartuta.
Lehoiak senarra ikusi bezain laster, hemen non botatzen dion orro ikaragarri bat, eta horra non jartzen dituen mendi beldurgarri guztiak dar-dar batean. Senarrak, noski, hanka egingo du, ikaratuta. Baina, presaka eta korrika bada ere, kaiku bat esne utzi dion lehoiari, harkaitz zulotik urrun, bada ez bada ere.
Hurrengo egunean, berriro joango da mendira. Enbor lodi baten atzean ezkutatuko da. Eta hor ikusten du lehoia lo, zurrunka batean. Hala, fruta mordoa utziko dio, baita gazta pusketa eder bat ere.
Hirugarren bisitan, zer da eta… lehoiaren aurrez aurre jarri, eta haragi puska lodi bat emango dio, ahoko zulora. Lehoiak orroa egingo du, berriro. Baina… oraingo honetan, haren orroa ez da lehen egunekoa bezain ikaragarria.
Hala, pasatuko dira egunak eta asteak. Eta, denboraren denboraz, senarra eta lehoia lagun minak egingo dira. Elkarrekin bazkaldu… elkarrekin ehizan ibili… elkarrekin lo egin… elkarrekin… Beti elkarrekin.
Dagoeneko, lehoiak ez dio orro bat botatzen senarrari. Orrorik gabe, zurrumurutxo bat egiten dio senarrari, senarrak buru gaineko ile luzeak orrazten dizkion bitartean.
Egun batez, elkarrekiko konfiantza hartan, senarra ausartu egingo da, fabore bat eskatzeko lehoiari, bere adiskidea den ezkero.
-Utziko al didak, biboteko hiru ile kentzen?
-Tori. Hementxe dauzkak. Eta lehoiak berak atera ditu bere biboteko hiru ile, eta senarrari eman, bere adiskidea den ezkero.
Hiru ileak hartu eta hor non abiatzen den korrika batean sorginarengana, uso-tximista.
-Tori. Hementxe dituzu lehoiaren biboteko hiru hileak. Prestatu sendagaia, derrepente, gure andrearen orro-gaitza sendatzeko. Hartaka, bakea izango dugu etxean.
Sorginak hiru ileak hartu eta hor botatzen ditu surtara. Senarra aho bete hortz gelditu da, harri eta zur. Eta sorginak:
-Hi haiz kalamitatea, hi. Lehoiaren lagun mina egin haiz, zitalena izanagatik. Gai izan haiz, haren orro ikaragarria, zurrumurrutxo bihurtzeko. Oheratu egin haiz lehoirik zitalenarekin. Hilea orraztu diok, gozo-gozo. Eta ez haiz kapaz, hire emaztearekin bakean bizitzeko? Alde egintzak hemendik derrepente, eta hoa etxera. Portatu hadi andrearekin lehoiarekin legez, pazientziaz eta maitasunez.
Senarra pentsakor gelditu da, etxera bidean. Eta azkenean erabakiko du sorginak esan bezala portatzea andrearekin.
Baina, senarra etxera iristean, zer aurkituko du? Han izango al du itxaroten zintzo demonio Meselectch?
Bertsioa: Jexux Eizagirre Portillo
2020an idatzia