Irakurlea: Pako Eizagirre
Azkenez eman zioten zure izena
Bilboko karrika bati, auskalo nork esango duen orain
Arestin bizi dela, eta errazegia litzateke
gugan bizi zarela esatea.
Bilbo zuri-beltz langartsu bat dakusat
zurekin pentsatzen dudan bakoitzean
gerraondoko Bilbo hotz eta triste bat,
egunero bulego txiki eta goseti batera joaten
aspaldian ez dituzte leihoak garbitu
eta hautsa pilatzen da zenbakiz beteriko paper horixketan,
Dena zuri-beltza, antzinako filmen antzera,
jendea zuri-beltza, zuri-beltza hiria,
zuri-beltzak apaizen liburuak,
argazki zuri-beltzak, zuri-beltzak etxeak.
Belarra berdea zen zure garaietan?
Gabardinak, txapela eta euritako beltzak,
euskaltzaleen bilera astun eta antzuak,
beldur zuri-beltza, iritziak zuriak edo beltzak.
Oskarbia ikusi zenuen noizbait?
Zurekin menditik jaitsi ginen maldan behera,
mila esker, inoiz ez naiz mendizale izan,
erakutsiko nizuke gustura birla, eta bertan oasiak,
nola mugitzen garen teknikolorean, eta gerra berriak.
Ai, Malgizon Arestiar,
txistulariak dira oraindik Euskal Herrian
nagusi, ugazaba eta epaile,
euskaldun jendeak artalde izatean jartzen du esperantza
eta eztabaida aspergarriek etengabe diraute,
bizien artean, ez izan zalantzarik,
eskumikatua izango zinateke.
Gutxi daukat zuretzat, eta horregatik
inoiz baino apalago,
inoiz baino zuri-beltzago,
ene lehen karta izan zena
eskaintzen dizut zure Karta,Jokorako:
Gabriel Aresti eta gero Segurola
euskaldunen artean sugarrezko bola,
maldan behera garaman haize zirimola,
bihotzez mintzatu zen, ireki kaiola,
ez dakigu nola
galdu zen odola,
bihurtu arbola,
gaitezen kontsola
umezurtz gara baina ez zaigu axola.
Rikardo Arregi